argia.eus
INPRIMATU
Editoriala
Informazio burujabetzatik utopiara

ARGIA @argia 2021eko abuztuaren 05
Ilustrazioa: Paula Estévez.

Garai distopikoak bizi ditugu, zertan uka. 2019an ere bizi ginen distopian, horretara ohituta bageunden ere –eta gure munduko txoko honetan distopia bizigarriagoa bazaigu ere, munduaren luze-zabala gero eta biziezinago egitearen truk–. Baina 2020tik jauzi kualitatiboa egin dugu. Akaso beldurgarriena ez da hori, akaso arriskutsuena da kosta egiten zaigula irudikatzea distopia sakontzea ez den bestelako etorkizunik. Baita behetik, ezkerretik, txikitik eragiten saiatzen garenoi ere.

Etsi dezakegu, sakondu beldurrean, otzantasunean, kontserbadurismoan, behekoon arteko borrokan, biziraupen indibidualean: onargarriaren langa jaisten jarraitu, atzo onartezin zitzaizkigun apurrak pribilegio izendatzeko bihar. Edo, egun hain estuak diruditen litekeenaren mugak baimenik gabe zeharkatzeko ametsari eutsi diezaiokegu, temati.

"Ez badiogu ametsari eusten, akabo. Baina ametsak ezin dira ameskeri izan, sinesmena ezin dugu sineskerietan sustengatu"

Egiazki garenak baino hobeak garela sinetsi beharko dugu horretarako. Garena baino enpatikoagoak, solidarioagoak, iraultzaileagoak, etikoagoak, espezie eta pertsona hobeak. Ez autokonplazentzia eta zuritze ariketa lasaigarri bat egiteko; eraldaketa gure eskutan dagoela eta bide hori egiteko ahalaren sua bizirik dugula ez ahazteko baizik. Distopiatik utopiarako bidea egiteko gure gaitasunetan sinetsi, sentitu, gaitasun teorikoa indar erreal bilakatzeko. “Guraso zuriek esaten digute: pentsatzen dut, beraz banaiz. Baina barruan daramagun ama beltzak –poetak– ametsetan xuxurlatzen digu: sentitzen dut, beraz aske izan naiteke”, idatzi zuen Audre Lordek. Ez badiogu ametsari eusten, akabo. Baina ametsak ezin dira ameskeri izan, sinesmena ezin dugu sineskerietan sustengatu.

Helduleku materialak behar ditugu, proiektu, jarrera, prozesu eraldatzaile ukigarriak. Beldur, injustizia eta ziurgabetasun betean, ezkerretik elkar-laguntzarako alternatiba kolektiboak ez badira eraikitzen, eskuinera egiten jarraituko dugu denok elkar-leihan. Sustraietatiko eraldaketa integrala ortzi mugan izango dutenak, baina eguneroko behar material eta emozionalak aseko dituztenak ere bai: elikagaia, energia, kolektibo baten parte izatearen sentimendua, etxebizitza, osasuna, komunikazioa, kidetasuna...

Burujabetza proiektu bakoitzaren oinarrian bada jende multzo handiago edo txikiago bat elkarri begietara begiratu diona, elkarrekin hausnartu, amestu eta izerditzen duena, denbora eta gogoa eskaini diona mundu anker hau bizigarriago egiteari. Proiektuak gabeziez eta kontraesanez beteta daudela? Irla txikiegien artxipelago ezgauza garela ozeano patriarkal kapitalistaren erdian? Noski, egun garenetik sortu baititugu. Gakoa da bihar izan nahi duguna izateko erreminta baliagarriak ote zaizkigun. Uste horretatik ardaztu dugu aurtengo Aktualitatearen GAKOAK, burujabetzen inguruan.

"Burujabetzak bidearen harlauzak dira: urratsak airean ez emateko oinarri materiala"

Burujabetzen norabide orokorrari gure esparrutik, informazio burujabetzatik, egin nahi izan diogu ekarpena ale honekin. Eta ARGIArekin oro har. Modu independentean informatzeko ere burujabe izatea ezinbestekoa baita, eta hori lantzen dugun informaziotik eta lantzeko ikuspegitik askoz harago doa: diru-iturriak, astekariaren inprimaketa zein banaketa, ARGIA komunitatearen sostengua, bitarteko teknologikoak, barne antolaketa... Prozesuaren eta proiektuaren ertz guztiei heldu nahi diegu burujabetzatik eta eraldaketatik, hor goaz tirri-tarra urratsak ematen, azkenaldian astekariaren bizikleta bidezko banaketarekin bereziki.

Eduardo Galeanok idatzi zuen utopiak, pauso bat ematen dugun aldiro urrats bat urruntzen den horrek, horretarako balio duela, ibiltzeko. Burujabetzak bidearen harlauzak dira orduan: urratsak airean ez emateko oinarri materiala. Egungo distopiatik biharko utopiara bidaiatzeko orainaldirako erreminta. Distopiatik utopiara dagoen distantzia.

 

*Artikulu hau ARGIAren Aktualitatearen Gakoak aldizkarian argitaratu da. ARGIA Jendeak etxean jasoko du Gakoak. Gainerakoek, Azokan eros dezakezue.