Kataluniako mugimendu libertarioan infiltratu zen eta Gasteizko auzo okupatuan ere egon zen poliziaren kasua herri mugimenduen aurkako errepresio orokorraren baitan kokatu du Errekaleor Bizirik-ek.
Iragan astean argitaratu zuen Directa hedabideak Daniel Hernández Pons Espainiako Polizia hiru urtez egon dela infiltratua Bartzelonako mugimendu libertarioan, eta denbora tarte horretan Errekaleorren eman zituela egun batzuk, topaketa anarkista batzuen testuinguruan.
Ohar bidez, Errekaleor Bizirik-ek “babesa” helarazi die “subjektu horren eskutik kriminalizazioa” pairatu duten eragileei. Gertatutakoa, oro har, estatuko segurtasun indarrek herri mugimenduaren aurka garatzen duten “errepresioan” kokatu du. Azpimarratu du operazioaren arduraduna Fernando Grande Marlaska buru duen Espainiako Barne Ministerioa dela, gogoratuz Marlaskak “erantzukizun zuzena” duela “ehunka” euskal herritarren tortura eta atxiloketekin: “Estatuko goi karguek jarraitzen dute oposizio politikoa egiten dioten oro etsaitzat hartzen”
Infiltratutako poliziak egin duen harreman sexu-afektiboen erabilera “matxista eta sexista” ere salatu du Errekaleor Bizirik-ek, eta “elkartasuna” adierazi die “emakume erasotuei”.
Errekaleor auzo okupatua proiektu “politikoa” dela aldarrikatu du, “espazio autogestionatua, asanblearioa, feminista, antikapitalista eta euskalduna”. Poliziaren infiltrazioek “desitxuraketa” eta “kriminalizazioa” bilatzen dute eragilearen ustetan, baina ziurtatu du ez dutela errepresio bidez herri mugimendua “akabatuko”.
Errekaleor Bizirik-en adierazpena Daniel Hernández Pons polizia-agentearen infiltrazioari buruz. Errekaleor Bizirik sobre la infiltración del agente de policía Daniel Hernández Pons. Poliziak gure auzoetatik kanpora! pic.twitter.com/fdWzHecRKp
— Errekaleor Bizirik! (@Errekaleor) February 1, 2023