argia.eus
INPRIMATU
Madrilen infiltratutako polizia baten kasua argitaratu du ‘El Salto’-k
  • Madrilgo La Animosa zentro sozialean eta mugimendu ekologistetan hartu du parte poliziak. Azken hilabeteetan argitaratu duten infiltratutako polizien laugarren kasua da.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko martxoaren 15

Mugimendu sozial eta politikoetan infiltratutako hirugarren kasua eman du argitara El Saltoko Ter García kazetariak. Madrilgo La Animosa zentro sozialean eta talde ekologistetan hartu du parte Mavi L.F. izenaren atzean ezkutatzen zen poliziak. Bere egiazko izenaren inizialak M.V.C.S. dira, eta 2022ko maiatzean gainditu zuen Espainiako Poliziako funtzionario izateko prozesua. 

M.V.C.S. Instagram bidez jarri zen La Animosa zentro sozialarekin harremanetan lehen aldiz, 2022ko azaroaren 5ean. Justizia klimatikoko ekimen bat proposatu zien, eta zentro sozialak, hainbat arrazoi medio, ez zuen proposamena onartu.

La Animosak gimnasio bat du Hortaleza auzoan, eta Mavi hara joaten hasi zen. Ez da Poliziak mugimenduetan infiltratzeko gimnasioa erabiltzen duen lehen aldia, Bartzelona eta Valentziako kasuetan ere egin zuten kontaktua gimnasio ireki horien bidez. Hortalezako gimnasioko kideek azaldu dutenez, berehala piztu zituen susmoak. Izan ere, bat-batean zentroko beste ekimenen inguruko interesa erakusten hasi zen, eta maiztasun handiarekin joaten zen gimnasiora. Arreta deitu zien poliziak borroka kiroletarako zuen abileziak, nahiz eta esan zuen praktikatzen zuen lehen aldia zela.

Zentroko kideek diotenez, bertako kideekin harreman estua egiten saiatu zen. Haiekin aisialdian egoten ere hasi zen, eta berari buruz eman zituen hainbat datu faltsuak direla egiaztatu zuten. Hori ikusirik, bere aurrean segurtasun protokoloak jarri zituzten martxan,

Extinction Rebelion klima aldaketaren aurkako mugimenduan ere infiltratu zen polizia, irailean. Taldearen deialdi irekietara agertu zen lehen bi aldietan. Mugimenduko kide batek El Saltori esan dionez, bere etxean egindako bilera batean ere hartu zuen parte ondoren. Futuro Vegetal taldean ere infiltratu da Mavi.

Orain arte argitaratutako kasuetan, mugimenduetako kideek adierazi dute formakuntza politiko baxua dutela polizia infiltratuek, eta hori dela susmoak pizten dituen jarreretako bat.

Aldaketa, infiltratutako polizien kasuak argitaratzean

La Directak Bartzelonako mugimendu sozialetan infiltratutako poliziaren kasua zabaldu zuenean, aldatu egin zuen jarrera M.V.C.S.-k. Hortalezako gimnasiora beste pare bat aldiz baino ez zen joan, eta ekintzetan ez zuen lehen bezainbesteko grinarekin hartzen parte, La Animosako kideek diotenez. Horrez gain, sare sozialetatik argazkiak eta profilak ere ezabatu zituen, lehenengo La Animosarekin kontaktatzeko erabili zuen Instagram kontua.

Polizia infiltratuen hiru kasu eman ditu argitara La Directak, kazetariek egindako ikerketei esker. Lehenengoa iazko ekainean zabaldu zuen, independentismoan eta etxebizitzaren mugimenduan infiltratutako Espainiako Poliziaren identitatea ezagutaraziz. 2023ko urtarrilean, berriz, Bartzelonako mugimendu sozialetan eta Gasteizko Errekaleor auzoan ere ibili zen poliziarena. Eta otsailean Valentziako aktibismoan infiltratu zen poliziarena. El Saltok publikatu duen azkenarekin, lau dira publiko egin diren infiltratuen kasuak.