argia.eus
INPRIMATU
Infiltratutako beste polizia bat atzeman dute Madrilgo hainbat kolektibotan
  • Lucia Rodriguez polizia-agenteak hiru urtez egin zituen sator-lanak Distrito104 gazte-kolektibo antifaxistan eta Madrilgo Errepresioaren Aurkako Mugimenduan, aurreko udazkenera arte.

Gedar @GedarLangileKZ 2024ko maiatzaren 03a

Beste polizia-infiltrazio kasu bat atera da argitara Madrilgo hainbat kolektibo politikotan. Gaur jakinarazi dute Espainiako Poliziako agente bat, Lucia Rodriguez, hiru urtez egon dela sator-lanak egiten Madrilgo Errepresioaren Aurkako Mugimenduan eta Aluche auzoko Distrito104 gazte-kolektibo antifaxistan.

Maria izen faltsua bere eginda, Rodriguez 2020etik 2023era bitartean egon da infiltratuta aipatutako mugimendu politikoetan. 2020an sartu zen Distrito104 kolektiboan, gimnasio antifaxista batean izan ondoren. Gazte-kolektiboak berak sortutako Telegram kanal baten bidez sartu zuen muturra; manifestazio antifaxista batera joateko hitzordura bertaratu zen azaroan, eta Maria bezala aurkeztu zuen bere burua.

2022an, Errepresioaren Aurkako Mugimenduan ere barneratu zen. 2023ko udazkenera arte luzatu zuen iruzurra poliziak, eta, ordura arte, Madrilgo "zentro sozial eta egoitza politiko ugaritan" izan da satorra, elDiario.es atariak azaldu duenez.

Jasan duten polizia-infiltrazioa dela-eta, adierazpen bat plazaratu dute Distrito 104k eta Errepresioaren Aurkako Mugimenduak. "Ez dira berriak, miseria-erregimen honek ukatzen dizkigun eskubide eta askatasunen alde, instituzioetatik kanpo politikoki antolatzen garenon aurkako kontrol- eta jazarpen-praktika horiek; eta ez da salbuespena, baizik eta estatuak duen modus operandia langile-klasearen, antifaxistak diren eta benetan demokratikoak diren antolakundeekin", salatu dute.

Gogorarazi dute, hain zuzen ere, ez dela Madrilgo Errepresioaren Aurkako Mugimenduan pairatu duten aurreneko kasua. Joan den irailean jakinarazi zuten, esaterako, beste polizia-agente bat izan zela infiltratuta mugimenduan, Sergio Gigirrey.