argia.eus
INPRIMATU
Infernuko polizia operazioa salatzeko elkarretaratzea egin dute Donostiako udaletxe aurrean
  • Donostiako Infernua auzuneko polizia operazioaren kontrako protestek egun osoan jarraitu dute. Jende ugari bildu da udaletxe aurrean, “Inor ez da ilegala”, “Okupazioa delitua bada, gora, gora delinkuentzia!” eta “Infernua, bizirik!” mezuak entzun dira.

Irutxuloko Hitza @irutxulo 2020ko azaroaren 06a
Elkarretaratzean jende ugari bildu da. Argazkia: Maite Reizabal / Irutxulo

Ertzaintzak Infernuko Fabrika izeneko pabilioia hustu du ostegunean, eta 50 pertsona inguru kalean geratu dira. Polizia operazioa goizean goiz hasi da, eta segituan bertaratu dira hiriko hainbat elkarteetako kideak —Harrera Sarea, SOS Arrazakeriak,…– eta zenbait herritar Fabrikako bizilagunei euren babesa erakusteko eta protesta egiteko. Operazioaz galdetuta, Udalak esan du: “Etxebizitza pribatu batzuen etxegabetze agindua da, jabeek hala eskatuta”. Bertaratutako herritarren iritziz, aldiz, operazioa “ilegala” da, ez dietelako aurretik inolako jakinarazpenik helarazi.

IRUTXULOKO HITZAk operazioa gertutik jarraitu du. Hedabide honetako kazetari Beñat Parra han izan da eta Twitter bitartez jaso ditu xehetasunak une oro. Gainera bizilekua galdu berri duten bizilagun batzuekin hitz egiteko aukera izan du. Kronika osoa lotura honetan irakur daiteke.

 

 

 

 

Elkarretaratzean infernua bizirikeko kartelak zeramatzaten bertaratuek. (Argazkia: Maite Reizabal)