Apenas dakigun zer gertatzen ari den Sudanen... baina, dirudienez, badakigu fijo zergatik den: egoak. Bi jeneral-oilar elkarri mokoka; eta haien bien artean harrapatuta, 50 milioi sudandar. Kopiatu eta itsastea baino asko gehiago egiten ez den garaiotan, seriotasun osoz saltzen zaigu esplikabidea edonondik. Erosten dugulako, apustu: badakizu, Afrikan...
Erosiko ote genuke egungo nazioarteko beste arazo serio samarren bat –demagun, Ukrainakoa– funtsean sandia eta urliaren “egoen gatazka” dela ondorioztatzen duen analisi “serio” bat? Edo Hego Sudango gerra bera (milioi bat hildako baino gehiago) Garang eta Al Basir edo Nimeiryren egoen arteko gorabehera bat izan zela?
Arazo (oso) konplexuei esplikabide (oso) sinpleak emateak badu beste aldagai bat, askorentzat iparrorratza dena infantilismoaren itsasoan: deabrua non, itxaropen-portua beste aldean. Eta deabrua non dabilen ere batere argi ez dagoenean, saiatu egin behar bila. Sudango kasuan, Errusiak eta, batez ere, Wagner mertzenario-miliziak, bikain egingo lukete gaizkiaren planta... baina zein aldetan leudekeen jakin behar da lehendabizi. Halatsu gertatzen da Israelekin ere.
Oinarri-oinarrizkoa edo zeharbidez logikak esaten diguna besterik ez da benetan dakiguna: astebete igaro denean, borrokak Khartumen behintzat oso gogorrak direla; arma astunak (hegazkinak, artilleria) erabiltzen ari dela Al-Burhan buru duen armada ofiziala; baina, antza denez, garaipen garbirik lortu gabe Hemedti-ren Janjaweed miliziaren aurka. Hiriburu erraldoiaren kontrola erabakigarria bada ere nazioartean (eta, maila batean, herrialdean bertan) legitimazio politikoa lortzeko, bestelako kontua izan daiteke kontrol militarra, batez ere Darfurren.
Eta lehen Hego Sudanen gertatu bezalatsu, herrialdea zatitu eta gerra zibil luze batean murgiltzea ez litzateke baztergarria oraintxe bertan. Hori besterik ez dute iragartzen enbaxadak hustu eta egoiliar atzerritarrak Khartumdik kanporatzeko operazioek.
Atzerritar zibilak ihesi joan ahala bertaratzen arituko dira, apustu, inguruko –eta ez hain gertuko– begirale-aholkulari-tratugileak... Batzuen infantilismoa ez baita batere inozoa. Sudanen gerta daitekeen edozerk ikaragarrizko eragina duelako haren mugetatik kanpo ere.
Eta orain arte egingarria zirudien bake-akordioa, botere politikoa zibilen eskuetan utziko omen zuena (fedea inozoa behar zen, halakorik sinesteko!), behin betiko zapuztutzat jo beharko da.
Abagune aproposa izan daiteke 1971ko kolpe-saioa gogora ekartzeko. Orduan joan zitzaigun inozotasuna batzuoi, Sudani dagokionez behintzat.