argia.eus
INPRIMATU
Industriaren etorkizunaren aldeko manifestazioak milaka lagun batu ditu Iruñean
  • Arriskuan dauden BSH, Sunsundegui, Nano Automotive, Siemens Gamesa, Tenerias Omega, Tasubinsa eta Volkswagen enpresetako langile batzordeek haien egonezina azaldu dute eta Nafarroako Gobernuari "benetan bermatzailea den legeria bat artikulatzea" eskatu diote.

Unai Lomana Uribezubia 2025eko otsailaren 17a
Manifestazioaren argazkia EITB Albisteak

Golem zinema aretotik hasitako manifestazioak 4.000 pertsona inguru batu ditu Espainiako Gobernuak Nafarroan duen Ordezkaritzaren arabera, igande goizean Nafarroako industriaren alde lelopean. "Hemen gaude, industriaren alde", "Langile kaleratua, patroia zintzilik" eta "Ez gara zenbakiak, familiak gara" bezalako aldarriak oihukatu dituzte manifestatuek. Mobilizazioak Armada Etorbide osoa bete duela jaso du Naizek.

Juanjo Hermoso de Mendozak, BSHren Eskirozko enpresa-batzordeko presidenteak, manifestazioari ekin baino lehen langileen aldarrien berri eman du. Azaldu du Nafarroako industriak "beste sektore batzuen aktibazio ekonomikoa bultzatzen duela". Gogoratu du langileek ordaindutako zergen bidez ordaintzen direla enpresei ematen zaizkien laguntza ekonomikoak, beraz, "logikoa" dela horrek "itzulkin soziala" izatea "industria proiektuak mantenduz bizi-proiektuak garatzeko".

Manifestazio bukaerako ekitaldian, industria Nafarroako ekonomiaren BPGaren %31dela azpimarratu dute. Halaber, sektoreak 88.000 langile inguru dituela gogoratu dute, eta horietatik 2.000 kolokan daudela. Deslokalizazioaren helburua "kostu txikiagorekin etekinak izugarri handitzea" dela salatu dute. Horri aurre egiteko, "legedia bermatzaile bat artikulatzea" eta "deslokalizazioaren aurkako legea hobetzea" eskatu diote Nafarroako Gobernuari, baita "jarduerari eusteko eta deslokalizazioak saihesteko konpromisoa" izatea enpresei.

 EITB Albisteak