argia.eus
INPRIMATU
Industriako langileen artean %18,2 baino ez dira emakumeak
  • Bizkaiko Aldundiak egindako ikerketa batek agerian utzi du berriz ere ekonomiako sektoreen artean dauden genero diferentziak. Industriaren alorrean %18,2 baino ez dira lan egiten duten emakumeak. Aldiz, orokorrean, beste sektore feminizatu batzuetan baino soldata hobeak daude industrian.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2022ko martxoaren 17a
FVEM elkarteak antolaturiko ekitaldian egin dituzte publiko datuak (argazkia: FVEM)

Industrian lan egiten duten emakumeen kopuruari zifra bat jarri dio Bizkaiko Aldundiak egindako ikerketa batek: %18,2 bakarrik dira, eta hala, baieztatu da oso maskulinizatua den sektorea dela honakoa. Gainera, industrian lan egiten duten emakumeen %30,8 enpresetako administrazioan dabil, –bai bulegoan, bai zeharkako eskulanetan– eta ekoizpenean %12,2 baino ez.

Sektore barruan ere badaude ezberdintasun gehiago gainera. Esaterako, trokelarekin lanean ari diren emakumeak %3,6 dira, aldiz, meltagintzarekin zerikusia duten salerosketa lanetan %36 dira.

Emakumeak eta industria jardunaldien barruan egin ditu publiko datuok Bizkaiko Aldundiak, Metalgintzako Enpresen Bizkaiko Federazioak antolaturik. Ikerketa egiteko Bizkaiko 311 enpresetako 20.000 langileren datuak erabili dituzte. Industriaren alorra Euskal Herriko garrantzitsuenetako bat da eta, EAEn bakarrik, bere BPGaren %25 ordezkatzen du.

Leku garrantzitsua lurraldearen industrializazioan

Datu apal horrek baina, ez du adierazten emakumeek industriaren arloan historikoki izan duten paper garrantzitsua, orain arte itzalean egon den historia. Eta hain justu, Bizkaiko Batzar Nagusietako Erakusketa Aretoan, Bilbon, erakusketa paratu dute ibilbide hori irudi bidez azaltzeko, 50etako emakume langileak. Landa eta lantegi artean izenarekin.

Enkarterritako elkarteek, udalek eta norbanakoek utzitako argazkiekin osatu dute erakusketa eta 50eko hamarkadan gero eta ugariago ziren industriako emakume langileen errealitatea islatu nahi du. Sodupeko La Conchita edo Balmasedako La Encartadako lantegietako nabeetan ikus ditzakegu lanean adibidez.

Emakume langileak proiektuaren barruan paratu dute erakusketa, eta liburu bat, erakusketa zabalago bat eta jarduera pedagokiko eta kulturalak aurreikusi dituzte, Bizkaiko industriaren garapenean emakumeek izan zuten ekarpena aitortzeko.