Lekeitioko Euskal Zine Bilerak, euskarazko zinema jaialdi bakarrak, helburu bat du: film laburren sorkuntza saritzea. Antolatzaileen esanetan, altuagoa da urtetik urtera aurkeztutako lan kopurua bai eta horien kalitate maila ere. Interesgarria iruditu zaie jaialdiaren barruan antolatzen den Berbaldia mahai-ingurura gaia ekartzea: sektorearen egungo egoeraz mintzatzeko, eztabaida pizteko eta iritziak elkartrukatzeko.
Txema Muñoz Kimuak egitasmoaren zuzendariaren arabera, ez dago industriarik. “Sektorea garatu egin da soilik. Garai batean ikasleek beren gauzak egiteko erabiltzen zutena bilakatu da gero eta hobea den arlo bat”. Euskarazko lanen gaineko datu bat ere eman du Muñozek: “oso onak” diren euskarazko 8-10 film labur egiten dira urtean.
Kepa Sojo zinemagile eta EHUko irakasleak nabarmendu duenez, literaturan nobela eta saiakerarekin gertatzen den bezala, “film laburra genero bat da eta autore askok ez du film luzerako saltoa emateko inongo intentziorik”. Aldiz, Jon Garaño zinegileak dio oraindik badagoela film laburrak interesatu ez eta horiek egiten dituenik, gero luzerako saltoa ematea helburu; “alegia, bokaziorik gabe, horrela ulertzen dutelako edo unibertsitateak behartzen dituelako halako lanak egitera”.
Errealitateak dio, halere, “gogo txarrez” egindako hori ona dela. Maider Fernandez zinemagile eta Las Chicas de Pasaik kolektiboko kidearen ustez, teknologiaren demokratizazioak ahalbidetu du lanen kalitatea asko hobetzea. Gaur egun, “denak dira filmak, laburrak edo luzeak izan”. Beraz, nola ezberdindu Euskal Zine Bilerak sailkatzen dituen lanen profesionaltasuna eta amateurismoa? Lau hizlariek aitortu dute muga lausoa dela, eta lanaren izaera produkzio ereduak markatzen duela.
Demokratizazioarekin batera, labur txarrak ere badira, gogoratu du Garañok: “Denok egin dezakegu labur bat, baina ez labur on bat. Argazkilaritzan berdina gertatzen da”. Fernandezek, bestalde, baliabide ekonomikorik gabe egin ditu hainbat lan, baina aldarrikatzen du ezin dela onartu ezer kobratu gabe lan egitea. Ildo horretan, industria sortzeko beharra azpimarratu du Muñozek, izan ere, “lantalde profesional egonkorrak sortzea ezinbestetako baldintza izango da sektorearen etorkizuna bermatzeko”.
Aitor Oñederrak jaso du Urrezko Antzara
Azaroaren 28an banatu zituen sariak Euskal Zine Bilerak. Profesionalen arloko Urrezko Antzara, film onenaren saria alegia, Aitor Oñederraren I Said I Would Never Talk About Politics pelikulak lortu zuen. Gidoi onenaren saria ere jaso zuen Oñederrak.
Amateur sailean berriz, Yago Mateok zuzendutako Fishura filmak hiru sari irabazi zituen: pelikula onenarena, argazkiaren saria eta Antzar Morea (genero ikuspegia ongien txertatzen duen lana izateagatik).
Sari banaketan, Aitor Mazo aktorea omendu zuten.