Enpresa ezagunek itxierak eta murrizketak iragarri dituzte azkenaldian Euskal Herrian. Altzairuaren iazko krisiarekin gertatu bezala, industria sarearen ahultasuna agerian geratu da eta administrazioak darabilen politika ezbaian dago berriz.
CNAk Euskal Herrian dituen lantegietako produkzioa eten egin du. Fagor Etxetresna Elektrikoen hondarrak hartu zituen konpainiak kolokan jarri du 350 laguneko lan-taldea, ez du 30entzako kaleratze espedientea atzera bota eta bideragarritasun planik ere ez dauka. Laino beltzak eta mobilizazio egunak ikusten dira ortzi-mugan.
Fagorrez gain, Xey, General Electric, Ingemar edota La Navalek erregulazio espedienteak, itxierak eta geldialdiak iragarri dituzte, EAEko industria sarea dardaraziz. ELAk eta LABek gogor salatu dute Urkulluren exekutiboak duen erantzukizuna egoera honetan, Jaurlaritzak enpresa horietako zenbaitetan dituen partizipazioak saldu baititu eta pribatizazio eta deslokalizazioak ekarri, euren esanetan.
“Eusko Jaurlaritzaren Politika Industrial bakarra multinazionalen esanetara jartzea da. Gure herria low-cost lurralde moduan saltzen dute atzerrian” adierazi du ELAko arduradun Unai Martinezek. Administrazioari “zinismoz” jokatzea ere leporatu dio “inbertsoreen ihesaz” hitz egitean ez duelako esaten, adibidez, “CEL enpresatik ihes egin duen inbertsorea Eusko Jaurlaritza dela”.
Politika industriala versus AHT
Josu Erkoreka Jaurlaritzako bozeramaileak “kezka” azaldu zuen asteartean baina nabarmendu zuen “orokorrean egoera ona” erkidegoko ekonomian. Arantza Tapia Industria sailburuak, berriz Jaurlaritza “laguntzeko” dagoela esan zuen, baina ez “enpresa pribatuak ordezkatzeko”. Adierazpen horiek LABen berehalako erantzuna ekarri dute. Bere “ezintasunaren” isla dela uste du sindikatuak: “Eusko Jaurlaritzarentzat, industria politika onena ez dagoena da, oso neoliberala da”.
Zentral abertzaleak gogorarazi du industriarako aurreikusitako gastua AHTra bideratzen dena baina askoz baxuagoa dela. Hain zuzen, sailburua gaur bilduko da Madrilen Espainiako eta Nafarroako gobernukideekin Abiadura Handiko Trenarentzako konexio eta obra gehiago aztertzeko.
Oposizioa ere gogor
EAEko gobernuari kritikak ez zaizkio soilik lan eremutik etorri, arlo parlamentarioan ere oposizioan dauden taldeak gogor salatu dute exekutiboak daraman bideaz: “Zezenak behin eta berriz harrapatzen du”, esan du Iker Casanova EH Bilduko legebitzarkideak.
Ez da lehen aldia Jaurlaritzak legegintzaldi honetan azalpenak eman behar izaten dituena bere industria ereduaz, iazko urtean altzairugintzan Arcelorren hondamendiak ere ekarri zuen tankerako ika-mikarik.
Elkarrekin Podemosek bilkura monografikoa egitea eskatuko du Legebiltzarrean industriaren egoeraz eztabaidatzeko.