argia.eus
INPRIMATU
Industria jarduerari eutsi dioten enpresek “lotura estua” dute EAJrekin, zein dira?
  • Jaurlaritzak bere sokako enpresei “mesede” egiteko eutsi dio produkzioari. Hori da ELAren susmoa. Astelehenean EAEko eta Nafarroako gobernuaren kontra jarritako salaketan, irregulartasunak egin dituzten enpresa horien zerrenda luze bat ere aurkeztu zuten.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2020ko apirilaren 07a
Laudioko Tubacex enpresako egoitza (arg.: Wikipedia)

ELAk eta LABek salaketa jarri dute Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren kontra, funtsezkoak ez diren jarduerak eteteko Espainiako Gobernuaren Errege-Dekretua hausteagatik. “Argipen oharra” kaleratu zuen EAEko administrazioak eta enpresei eskatu zien ez uzteko produkzioa bertan behera.

ARGIAk salaketaren txosten osoa aztertu ahal izan du eta argipen oharraren ondoren jarduerarekin segi duten enpresen zerrenda luze bat ageri da bertan, sindikatuen arabera legea urratu dutenak. ELAk hedabide honi azaldu dionez, gehiago egon daitezkeen arren, horiek dira ateak irekita mantendu dituzten gehientsuenak, eta “lotura estua” dukete Eusko Jaurlaritzarekin eta EAJ alderdiarekin: “Elkar elikatzen dira” azaldu du Pello Igeregik.

JAZ Zubiaurre da enpresa horietako bat, Confebaskeko presidente Eduardo Zubiaurrek Eibarren duen lantegia. Zubiaurrek, hain zuzen, adierazpen polemikoak egin zituen Radio Euskadin, Espainiako Gobernuaren errege-dekretuaren kontra eta Arantxa Tapia ekonomia Garapen sailburuaren jarrera defendatuz. Horren ostean, sareetako erabiltzaile ugarik gogorarazi zuten EAEko patronaleko ordezkari nagusia Eibarko EAJko Uri Batzarreko presidentea izan zela iraganean.

Horrez gain beste enpresa batzuk ere nabarmendu ditu sindikatuak, haien zuzendaritzako kideak EAJren hurbilekoak direlako edo Jaurlaritzarekin harremanak izan dituztelako. Tartean dira Tubacex, Nuria Lopez de Guereñu –Jaurlaritzako Garraio eta Herri Lan sailburu izandakoa eta Confebaskeko presidente ohia– kontseilari duena, baita Haizea Wind ere; duela gutxi Iñigo Urkullu lehendakariak haize errotak egiten dituen enpresaren Santurtziko planta inauguratu zuen, honek Ekarpen funts publikotik 10 milioi euro jaso eta gero.

Urkullu lehendakariak Haizea Wind enpresaren Santurtziko planta inauguratu zuen (arg: Irekia)

Sindikatuek osaturiko zerrendan 37 enpresa daude, horietako batzuk aski ezagunak, hala nola Olaberriko eta Bergarako ArcelorMittal, CAFen Irungo lantegia, Lointek, Nervacero, Indaux, Lapoxi, Fundiciones del Estanda, Arania… Azkeneko honek esku hartu zuen –Unesid siderurgiako patronalaren bidez– Sánchez eta Urkulluren arteko negoziazioetan, Espainiako Gobernuak martxoaren 30ean ekonomia guztiz geldiaraztea erabaki zuenean.

ELAren esanetan soilik erlazio horiek jakinda uler litezke Arantxa Tapiaren sailaren ahaleginak enpresen produkzioari eusteko, sindikatuen esanetan kasu askotan langileen segurtasuna bermaturik ez izan arren.