Enpresek diru publikoa jaso zuten ikerketarako, eta iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi zizkieten txertoak. Bitartean, txertoen prezioak igo egin zituzten multinazionalek. Gaur egun, herrialde txiroenetan, %23k baino ez du dosi osoa, SOMOren ikerketaren arabera.
90.000 milioi euro irabazi dituzte farmazeutika enpresek Covid-19aren txertoarekin, 2021 eta 2022an. Korporazio Multinazionalen Ikerketarako Zentroak (SOMO) argitaratu duen ikerketaren berri eman du El Saltok.
Pfizer/BioNTech izan da diru gehien irabazi duen enpresa, 40.000 milioi dolarrekin. Haren atzetik daude Moderna (20 milioi) eta Sinovac (19 milioi). Nabarmen gutxiago irabazi dute, berriz, AstraZeneca (4 milioi), Johnson and Johnson (2,4 milioi) eta Novavax (1,1 milioi) multinazionalek.
Hainbat diru-iturri izan dituzte enpresa hauek. Milioika dolar publiko jaso dituzte txertoaren ikerketa eta garapenerako, eta txertoa atera bitartean, iparraldeko herrialdeek aldez aurretik erosi dituzte txertoak. Ikerketak dioenez, txertoaren zazpi ekoizlek 5,8 milioi dolar jaso zituzten funts publikoetatik, horietatik 5 milioi AEBetako Gobernuarenak. Hala ere, diru gehien aldez aurreko erosketetan irabazi zuten. Ikerketak dioenez, 86.600 milioi dolar eskuratu zituzten farmazeutikek, txertoa merkaturatu baino lehen.
Txertoaren garestitzea
Txertoaren inguruko akordioek ez zuten prezioa izoztearen inguruko ezer zehazten. Hortaz baliatuta, horien prezioak gora egin zuen behin merkaturatu ondoren. Esate baterako, Pfizer/BioNtech-en txertoa 19 eurotik 30era garestitu zuten, eta Modernarena 16tik 26 eurora. Hala, enpresen irabazi-tasak %49tik %76ra handitu ziren.
Bien bitartean, lurraldearen arabera alde handia egon da biztanleriaren txertaketa prozesuan. Gaur egun, diru-sarrera altuak dituzten herrialdeetako biztanleriaren %74ak du txertoaren dosi osoa; diru-sarrera baxuak dituztenen artean, berriz, %23k baino ez.