1936ko urrian bide bazterrean tiroa emanda azaldu eta hilerrian lur emandako gorpu baten bila aritu dira Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak herriko hilerrian. Saseta defentsa sistema ikertzeko lanketaren barruan kokatu dute indusketa.Adunako hezurtegitik ateratako hezurrak
Aduna, Zizurkil, Asteasu eta Larraulgo udalek babestuta eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Giza Eskubideen zuzendaritzaren laguntzarekin, Saseta defentsa sistema aztertzen ari da Aranzadi Zientzia Elkartea 2013tik. Ekimenaren barruan auzolandegiak antolatzen dituzte urtero eta 12 boluntario aritu dira aurten Zizurkilgo Azarolatxiki mendi muinoan, Eskaltzuko lursailetan.
Lubakietan zazpi metro zabaldu dituzte, eta batik bat, munizioa topatu dute. Gerrako materialarekin batera, latak, larru zatiak, botoiak, botilak edota egur zatiak ere jaso dituzte. Aurten, auzolandegien barruan ildo berri bat jorratu dute, eta memoria historikoa berreskuratzeko ahaleginean, 36ko gerraren testuinguruan izan ziren giza eskubideen urraketak ikertu nahian, indusketak Adunako hilerrira zabaldu dituzte.
Historian doktore den Karlos Almorza Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak zuzendu ditu lanak eta alboan laguntzaile izan ditu Jose Luis Iraola Puskas eta Jexux Bidaola Txirrita. Haiek gidatuta jardun dute auzolandegietako boluntarioek indusketak egiten hilerrian. Ez dira, ordea, hutsetik abiatu.
"Dokumentu bat aurkitu genuen garai hartako herriko parroko Jose Andres Vicuña Aranburuk 1936ko urriaren 17an sinatutakoa. Bezperan herriko bide batean aurkitu eta identifikatu gabeko gorpuari kanposantuan lur emateko baimena ematen du Vicuñak eta zehazten du hildakoak burua tiroz josita duela", esan du Almorzak.
Arrasto horren atzetik ibili dira Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak hilerrian azterketa egiten uztaila osoan zehar (ikusi hemen lanen bilakaera, egunez egun). Bi hezurtegi topatu dituzte. "Bat ofiziala, kanposantuaren mugen barruan dagoena da, katolikoena. Bestea berriz, hilerriko hesituratik kanpora dago eta han pentsatzekoa da bataiatu gabekoak eta gorriak lurperatuko zituztela", aipatu du Aranzadiko kideak.
Hezurtegi ofizialean egin dituzte lanik handienak. Arbolak hazita zeuden itxituraren barruan eta horiek erretiratzearekin batera berreskuratu dituzte hezurrak.
Duela 25 urte inguru urbanizatu zuten Adunako hilerria eta hilobien artean pasabideak egin zituzten. Moldaketaren ondoren kendutako hilobietako gorpuzkiak utzi zituzten orduan hezurtegian.
"Hezurrak banan banan aztertu eta tiroren baten arrastoa izan zezaketenak apartatu genituen, aurkitutako dokumentuak esaten baitu han lur emandako pertsonaren burua tiroz josita zegoela", esan du Almorzak.
Aranzadi Zientzia Elkarteko kide, antropologo eta hezurren arkeologian aditu den Lourdes Herrastik eta Paco Etxeberria mediku forentseak aztertu zituzten hezurrak joan den uztailaren 24an. "Haiek dira adituak eta lehen begiratuan esan ziguten hezurretan ez zutela bala zaurien zantzurik topatu. Dena den, hezur horietako batzuk laborategira eraman dituzte sakonago aztertzeko. Batzuetan bilatutakoa topatu egiten da eta beste batzuetan ez. Bilatzen ari garen gorpua ez badago hezurtegi ofizialean, litekeena da kanposantu kanpoaldekoan egotea".
Aranzadiko kideek ez dakite noren bila ari diren: "Ez dakigu esaten nor den bide bazterrean buruan tiroa zuela aurkitu zuten hura, baina badakigu Adunako hilerri honetan eman ziotela lur. Memoria historiko eta memoria demokratikoaz ari garela garrantzitsua da azpimarratzea, oraindik ere badirela aurkitu ez ditugun gorpuak, non dauden ez dakigunak. Horietako bat da Valeriano Saizar, Villabonako alkate izandakoa. Badakigu 1936ko urriaren 10ean akabatu zutela, baina ez dakigu zehazki non utzi zuten bere gorpua. Adunan bilatzen ari garena 7 egun beranduago aurkitu zuten".
Hilerriko hezurtegira hezurrak itzuli eta lurrarekin estalita amaitutzat eman dute Aranzadiko kideek indusketa lanen lehen fasea. "Lan hauek balio izan dute auzolandegietan aritu diren gazteei erakusteko ezin dela beti lehenengoan asmatu. Gure lana etengabe saiatzea da. Hamarretik hirutan lortuko ditugu emaitzak, baina garrantzitsua da ikusaraztea atzean dagoen lan guztia".
Ez daude etsitzeko Almorza, Iraola eta Bidaola. Prestutasuna agertu dute hilerriaren kanpoaldean dagoen bigarren hezurtegian indusketa egiteko. "Urteetan pilatutako lurraren zati bat erretiratzeko beta baino ez dugu izan. Bigarren hezurtegia garbitzeko aste batzuetako lana dago. Uste dugu saiatzeak merezi duela, eta pentsatzen dugu bilatzen ari garen gorpu hori hor egon litekeela".
Ustekabe handiagoak pasa izan dira eta ezustean ikertzaileek egin izan dituzte aurkikuntza garrantzitsuagoak. Adunan, hari muturra topatu dute.