argia.eus
INPRIMATU
Indusen ibaibideak
  • Muturreko lehorteak eta euriteak dira beroketa globalak Pakistanen duen inpaktuaren alde agerikoena. Ez dira hain ezagunak, ordea, hondamendiek piztu eta bizkortzen dituzten gaitz sozialak, eta zenbat eta nola oztopatzen duten azken horiek Asiako herrialdearen garapen oso eta berdinzalea. Kausa-ondoriozko katean sakondu dut erakusketa formatua duen Indusen ibaibideak kazetaritza-lanean, eta horren lagin bat da erreportaje hau. 236 milioi pertsona bizi dira munduko bosgarren estaturik jendetsuenean; karbono-isurketa globalen %1 baino gutxiago igortzen duten arren, krisi klimatikoak larrien erasaten dien biztanlerietako bat da. 

Igone Mariezkurrena 2024ko uztailaren 30a
Montzoi-sasoia hasi da eta euri zaharraren gainean ari du berria Pakistanen. 2022ko udako uholdeek 1.700dik gora hildako eragin eta bi milioi etxebizitza suntsitu zituzten, eta beste horrenbeste familia lekualdatzera behartu. Gehienentzat, aldi baterakoa behar zuen bizimodua kroniko bihurtu da desplazatu klimatikoentzako kanpalekuetan. Argazkia: Igone Mariezkurrena.
Argazkia: Igone Mariezkurrena.

Landa-guneak lehen lerroan. Indus ibaiak Dadu distrituan gainezka egin eta ur-maila gerriraino iritsi zitzaienean utzi zuen etxea Rasool familiak. “Urtebeteren buruan malaria zabaldu zen kanpaleku hartan, eta ez zegoen gure seme-alabentzako eskolarik”. Jatorrizko herrira itzuli dira eta adobezko bizitokia altxatu dute behin-behinean. Baina jornalariak dira, eta lantzen zituzten lurren jabeak ez du berreraiki uholdeek suntsitu zuten ureztatze-sistema. Gobernuak ez die kalte-ordainik aitortu, eta gizonek Johi hirian lortzen dituzten aldizkako lanak beste diru-iturririk ez dute orain.

Argazkia: Igone Mariezkurrena.

Errefuxiatuentzako eremuetan jendea ezezagunen artean bizi da, aterik eta segurtasun-perimetrorik gabe. Horrek zigorgabetasun-giroa elikatzen du eta zaurgarrienen aurkako indarkeria areagotzen du. Bestalde, larrialdiko bizi-baldintzak kroniko bihurtzen direnean, etorkizunerako itxaropenik eta beste egitekorik gabe, jendeak maizago izaten ditu sexu-harremanak, emazteek nahi izanda ala ez, eta haurdunaldi gehiago izaten dira. Baina laguntza humanitario gehien Arabiar Emirerri Batuek eta Saudi Arabiak bidaltzen dute Pakistanera, eta herrialde horiek ez dute preserbatiborik ezta abortu-pilularik ere sartu nahi familiei ematen dizkieten erreskate-kitetan. 

Argazkia: Igone Mariezkurrena.

Udan uholdeek erasaten dieten eskualdeak Pakistango idorrenak dira. Rasooltarren etxola azpiko ura gazia da; andre eta neskatoek hamabi kilometroko joan-etorria egiten dute, oinez, gertueneko putzutik ura buru gainean ekartzeko. Garbitzea, kozinatzea eta urari loturiko gainerako zereginak ere eurek kudeatzen dituzte eta, beraz, gabeziari loturiko estresak zuzen-zuzenean eragiten die, baita umeen traumaosteko estresak ere, haien zaintzaile eta hezitzaile direnez gero.

Argazkia: Igone Mariezkurrena.

Indus ibaiaren iturburua da Hindu Kush mendigunea, eta hango nekazari-familiak ere krisi klimatikoaren lehen lerroan daude. Glaziarretako izotza urtzen ari da eta 33 aintzira gainezka egiteko arriskuan daude. Albertxikoen eta bestelako uzten galerak zazpi milioi pertsonaren urte osoko diru-sarrerak zapuztu ditzake. Goseak adin txikikoen eskola-uztea eta ezkontza hitzartuen kopurua handitzen ditu eta, ondorioz, neskatoak ezkonsari truke saltzea sustatzen du. Askorentzat, turismoa eta mendi-espedizioak iturri alternatiboa dira, baina eguraldiaren desegonkortasunak sektorearen gainbehera ekarriko duen beldur dira.

Argazkia: Igone Mariezkurrena.
Argazkia: Igone Mariezkurrena.
Argazkia: Igone Mariezkurrena.

Lan prekaritatea eta sexu-indarkeria hirietan. Landa-eremuetatik hirietara aukera bila jotzen duten laborarien exodoa azkar hazten ari da, eta 2025. urtean biztanleen %50 baino gehiago gune urbanoetan biziko dira. Txabola-auzoak era kaotikoan zabaltzen ari dira, oinarrizko azpiegitura eta zerbitzurik gabe, eta ez dute herritarren ongizatea bermatzen. Migratzaileak (nagusiki adin ertaineko gizonak) lan-baldintza oso prekariotan aritzen dira: hamalau ordutik gorako jardunak egiten dituzte, kamioilari nahiz rickshaw-gidari gisa, edota eraikuntzan. Eusteko, substantzia estimulatzaileak kontsumitzen dituzte eta, emakume*-taldeek salatzen dutenez, horrek zerikusi zuzena du espazio publikoetan gertatzen diren sexu-delituen gorakadarekin. Bi ordutik behin emakume bati eraso egiten diote Pakistanen, baina auzipetuen %4 baino gutxiago zigortzen ditu Justiziak. Kasu askotan, biktimek beraiek amore ematen dute bidean, prozesu judizial bereziki geldoak direlako, berbiktimizatzaileak, eta denbora, energia nahiz diru asko galdatzen dietelako.

Argazkia: Igone Mariezkurrena.

Droga menpekotasuna. Isildutako epidemia da: etsipenak drogen menpera eraman ditu herrialde osoko milaka pertsona. Afganistango mugatik 50 kilometro eskasera, Pakistango hiririk kontserbadoreenak droga merkearen laborategi bilakatu dira. Ongarri kimikoak eta botikak nahasten dituzte Lurralde Tribaletatik datorren opioarekin. Gramo batek 500 rupia (1,64 euro) balio du Peshawarren, 250 rupia Charsaddan. 1980ko hamarkadan, CIAk opio belarraren laborantza sustatu zuen bertan; Karachiko portutik munduratu eta irabaziekin mujahidinak armaz hornitu zituen Afganistango Gobernuaren aurkako gerra egin zezaten. Gerora, pakistandar agintaritzak debekatu egin zuen, baina pastun familiei beste ezer ereiteko baliabiderik eman gabe. Lehorteek elikadura-segurtasun falta larritu dute aurreko urteotan, eta batzuk opio belarraren ekoizpenera itzuli dira. Saba Gul psikologo klinikoak urtero ehunka lagun desintoxikatzen ditu bere zentroan. Trafikatzaileek mehatxatuta dihardu, negozioa zapuzten ari zaielako. Auzokideen ustez, gainera, egiten duena desondragarria da. Andrazkoak ere artatzen ditu, urtean bizpahiru besterik ez, indarrean diren tabuak tarteko gehienek bestelako kontsumoa egiten dute eta: Indiatik sartzen diren eta mediku-errezetarik gabe aise eskura daitezkeen analgesiko gogorrak hartzen dituzte, etxean.

Argazkia: Igone Mariezkurrena.

Soilik Karachin, gutxienez 14.000 emakume aritzen dira prostituzioan. GKEek zenbatu gabekoak askoz gehiago dira. Uste dute milioi bat direla Pakistan osoan. Karachin zenbatu dituzten 9.000 trans emakumeetatik 2.100ek GIBa dute.

Argazkia: Igone Mariezkurrena.

Gorrotozko delituak. Indus ibaiak Arabiako Itsasoan isurtzen ditu urak. Karachiko portua eragile ekonomiko garrantzitsua da, eta, merkataritzaren hiriburua ez ezik, prostituzio-gune nabarmena ere bada hegoaldeko hau. Ezkontzaz kanpoko sexu-harremanak haram dira Sharia edo lege islamiarraren arabera, debekatuta daude. Herrialdeko lege-esparruak, bestalde, legez kontrakotzat jotzen du prostituzioa eta Zigor Kodeak kartzela-zigorrak aurreikusten ditu jarduten direnentzat. Horregatik, sexu-langileak ezkutuan aritzen dira, osasun-bermerik gabe. Zerbitzu merkeena trans emakumeek eskaintzen dute, bazterkeria sistematikoak ohiko ekonomiatik kanpo uzten dituelako. Zerish Khan aktibistaren hitzetan, larrialdi klimatikoaren ondoriozko pobretzea, inflazioa eta ziurgabetasuna haztegi bikaina dira populismoentzat, eta talde islamista integristak hanpatzen ditu. Zabaltzen dituzten gorrotozko mezuek sexu-langileen eta LGTBIQ kolektiboaren aurkako oldarraldia piztu dute. Eraso fisikoak geroz eta ugariagoak dira kalean, eta Shariaren Auzitegi Federalak indargabetu egin nahi du trans pertsonei erroldan izena aldatzeko eskubidea aitortu zien legearen (2018) zenbait atal.

Erreportajerako kontsultatutako iturriak:
-Forum For Dignity Initiatives (Ekimen duinentzako foroa )
-Human Rights Commission of Pakistan (Pakistango Giza Eskubideen Batzordea)
-Women Health And Welfare Organization (Osasunerako eta Ongizaterako Emakumearen Erakundea)
-Gender Interactive Alliance (Genero Aliantza Interaktiboa)
-Civil Society Coalition For Climate Change (Klima-aldaketaren aldeko gizarte zibilaren koalizioa)
Pakistango Gobernuaren Meteorologia Departamentua

[Artikulu hau ARGIAren Gakoak 2024 108 orrialdeko aldizkari berezian argitaratu da. ARGIA Jendeak paperean edo PDFan jasoko du, bakoitzak hautatu duen gisan. Oraindik ez baduzu pausoa eman, egin zaitez ARGIAkoa eta plazer handiz bidaliko dizugu! Gainerakoek, Azokan eros dezakezue]