Santo Tomas eguna baliatuz txerriaren zozketaren parodia egin dute langileek kalejiran. Inditexek 20 saltoki itxi nahi ditu Hego Euskal Herrian, abian duen digitalizazio prozesuaren lehen fasean. Berria-k argitaratu duenez, apirilerako zazpi saltoki nahi ditu itxita enpresa transnazionalak.
Donostiako kaleetan zehar egin dute kalejira Inditexeko langileak, gehienak emakumeak. San Martin merkataritza gunetik irten, eta enpresak erdigunean dituen dendetara hurbildu dira langileak. Santo Tomaseko txerriaren zozketa parodiatuz, saltokien itxierek “ beren lanpostuetan eragingo dituen ondorio latzekin alderaketa egin nahi da”, adierazi du ELA sindikatuak ohar batean.
Digitalizazio prozesua online saltzeko
2019ko udan Inditexek iragarri zuen eraldaketa digitalerako prozesu bat abiatuko zuela, salmenten %25 online egiteko helburu nagusiarekin. “Prozesu horrek, denden itxieretatik harago, neurri handiagoan edo txikiagoan, taldeko enpresetako langile guztiei eragingo die: zara, Massimo Dutti, Berskha, Stradivarius, Pull & Bear, Oysho…”.
Hego Euskal Herrian abendu hasieran hasi da “negoziazio prozesua”, eta hor jakinarazi du enpresak 20 saltoki ixteko asmoa duela. ELAk salatu duenaren arabera, enpleguak galtzeko arriskuaz gain mantentzen diren enpleguen lan-baldintzetan ere eragin dezakete itxierek eta prozesuak oro har: “Inditexek ez du bermatzen enplegua baldintza berberetan eskainiko duenik, eta ez du baztertzen bere langile batzuek bizilekuz aldatzea, Inditexen lanean jarraitu nahi badute”.
Apirilerako zazpi saltoki itxi
Berria-k argitaratu duenaren arabera, plan horren barnean apirilerako lehenbiziko zazpi saltokiak ixtea aurreikusten du Inditexek, 66 lanpostu arriskuan jarriz. Hauek dira saltokiak: Leioa eta Iruneko Stradivariusak; Iruñea eta Lasarteko Massimo Duttiak; Bilboko Pull and Bear bat; eta Gasteiz eta Barakaldon Zara bana.