Inditex taldeko Massimo Dutti eta beste zenbait dendak 2.000 metro koadro izan ditzaten eskatu dio Amancio Ortegaren enpresak Donostiako Udalari. Joan den astean Espainiako Estatuko Zararik handiena ireki zuen San Martin merkatal zentroan.
Massimo Dutti denda-kateak Donostiako Udalari proiektua aurkeztu zion otsailean, Askatasunaren Hiribidean 2.000 metro koadro izatera hel daitekeen denda irekitzeko. Gaur egun Banco Guipuzcoano dagoen tokian zabalduko lukete arropa denda berria.
Donostiako Udalaren araudiak denden gehienezko azalera 750 metro koadrokoa dela zehazten du. Proiektu proposamenak hori aldatzea eskatzen du, zenbait dendak bulego modura alokatzen dituzten beheko solairuak eta sotoak publikoari ireki eta salmentarako baliatu ahal izateko.
Donostiako ondare izendatutako eraikuntza babestuak dira Inditexek denda erraldoi bilakatu nahi dituenak. “Periferiako saltokien aldean Donostiako erdigunearen izaera komertziala sendotu” egingo dela adierazi dute multinazionaleko arduradunek, eta “bereziki gazteei bideratutako” lanpostu berriak sortuko dituztela gaineratu dute.