Ehungintzako kate handien Espainiako Estatuko lehen hitzarmena negoziatzen hasi dira uztailaren 17an, eta ELA sindikatuak salatu du Hego Euskal Herriko langileen baldintzak okertuko direla, lurralde hitzarmenak baztertuz gero. Grebaren eragina batik bat Araban nabaritu dela baieztatu du ELAk.
ELAk deituta, astelehena greba eguna dute Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ehungintzako kate handietako langileek. Denda ugariri eragingo die: Inditex multinazionalaren Zara, Pull and Bear, Bershka, Massimo Dutti, Stradivarius, Oysho, Uterqüe eta Lefties dendei, baita Mango, H&M eta Primarki ere, besteak beste.
ELAk astelehen eguerdian ohar bidez baieztatu duenez, batik bat Arabako dendetan sumatu da grebaren eragina, eta itxi egin dituzte denda handi hauek: Oysho, Bershka, Zara Home, Intimissimi, Woman Secret, Mayoral, Tezenis, Cortf, Spf eta Pepe Jeans, besteak beste. Gipuzkoan ere itxi dituzte Pepe Jeans, baita Parfois, Tramas, Mayoral, Txingudiko eta Garberako H&M, Masimo Dutti eta Woman Secret ere. Bizkaian Decimas, Ikks, Álvaro Moreno eta Oysho itxi dituzte, besteren artean, eta ELAk deitutako grebarekin bat egin dute.
Madrilen negoziatzen hasi dira uztailaren 17an ehun eta oinetakoen merkataritza kate handien Espainiako Estatuko lehen hitzarmena, eta ELAk salatu duenez, helburua lan baldintzak estatalizatzea izanik, Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako langileen baldintzak okertuko dira: “Hitzarmen probintzialek askoz ere lan baldintza onuragarriagoak jasotzen dituzte, lanaldi txikiagoekin eta soldata handiagoekin”, gogorarazi du sindikatuak. Langileak galtzeko arriskuan dauden eskubide baten adibidea eman du sindikatuak: “Asteburu eta jai egunetako itxierak eta atsedenaldiak jokoan daude, eta Bizkaiko langileen kasuan, udako larunbat arratsaldeetan atseden hartzeko eskubidea ere bai”. ELAk ehungintzako kate handiei leporatu die “sektoreko mobilizazioen ostean lortutako lan eta soldata baldintzak okertu nahi izatea”.
Negoziazio kolektiboaren parte dira ARTE ehungitzako patronala –Inditex, Mango, Primak, H&M, Kiabi, besteren artean– eta ELA, LAB, CCOO, UGT, Fetico, eta CIG sindikatuak.
Uztailaren 17an, grebarekin batera, Madrilen elkarretaratzea egin du ELA sindikatuak, CIG Galiziako sindikatuarekin eta OSTA Aragoikoarekin batera, negoziazio bileraren aurretik. ELAren esanetan, patronalaren parte diren enpresek negoziazio kolektiborako eskubidea “urratu” nahi dute, “patronalak eta sindikatuek lanbide arteko akordioaren bidez blindatu dutena”, eta kritikatu du Hego Euskal Herrian ez dutela erabakitzeko eskubidea errespetatuko.