Urriaren 14ean egingo dute konstituzioa aldatzeko bozkaketa. Lehen Ministro Anthony Albanesek “nazioa elkartzeko aukera” gisa definitu du erreferendumaren eguna.
Parlamentura Ahotsa (Voice to Parliament) batzordeak izaera konstituzionala izatea edo ez bozkatuko dute australiarrek. Batzordeak parlamentua aholkatuko luke aborigenen eta Torres Strait uharteko herritarren inguruko aferetan. Esan Bai lelopean sei asteko kanpaina egingo dute erreferenduma baino lehenago ekimenaren aldekoek. Konstituzioa aldatzeko bozken %50 baino gehiagok eman behar dio baietza proposamenari.
Indigenak Australiako biztanleriaren %3,2 dira, eta neurketa sozio-ekonomikoen arabera beren egoera zaurgarria da gainontzeko herritarrekin alderatuta.
Pat Andersonek, kanpainaren buru den emakume aborigenetako bat, adierazi du indigena gehienak Parlamentura Ahotsa batzordea babesten dutela, “beraien egoera hobetzeko pauso" gisa ikusten dutelako. Gobernuan dagoen alderdia aldaketaren alde dago. Oposizioko Alderdi Liberaleko afera indigenen burua, Jacinta Nampijinpa Pricek, adierazi du Parlamentura Ahotsa herrialdea banatuko duen proposamena dela.