argia.eus
INPRIMATU
Indian 250 miloi herritarrek greba egin dute lan eta bizi-baldintza duinak eskatzeko
  • Urtarrilaren 8an Indiako 250 miloi herritarrek greba egin zuten, hamarretik gora sindikatuk egindako deialdiari erantzunez, gobernuaren "politika arrazistak, pertsonen eta langileen aurkakoak" salatzeko.

Estitxu Eizagirre @eeizagirre 2020ko urtarrilaren 15

Mintpressnews hedabideak eta Reuters agentziak dakarte berria. Urtarrilaren 8an egin zuten greba, eta munduko biztanleen %3k eginikoa izanik, baliteke mundu mailan inoizko handiena izatea.

Narenda Modi Indiako lehen ministroak hartutako neurriak gaitzesten ditu greba deitu duen Indiako Sindikatuen Bilguneak, eta hamabi eskaerako gutuna helarazi dio gobernuari. Besteak beste, eskatzen dute:

- Prezioen igoera geldiarazteko neurriak hartzea.

- Indiako langabezia gutxitzeko plana.

- Laneko oinarrizko araudiak zorrotzago betearaztea.

- Gizarte segurantza unibertsala ezartzea.

- Hileroko gutxieneko lan-saria 15.000 rupia izatea.

- Lanerako adina duten herritar guztiei oinarrizko errenta bermatzea.

- Lan berdinentzat lan-sari berdina izatea.

- Estatuaren hainbat konpainia ez pribatizatzea

Modik mehatxu egin zien langileei, greban parte-hartuz gero "zegokien diziplina neurriak" jasoko zituztela.

 

Herritartasuna ere jokoan

Mintpressnews hedabideak albistean azpimarratu duenez, inguruko herrialdeetako musulmanek esplizituki debekatuta dute Indiako herritartasuna lortzea, nahiz eta musulmanena izan Indiako gutxiengo erlijiosorik handiena, 140 milioi inguru izanik. Erregistro Nazionalaren Kontseiluak indiar guztiak behartu ditu bere herritartasuna frogatzeko dokumentazio zabala aurkeztera eta seguraski ehunka milioi indiarrek ez dute lortuko. Honek guztik aukera ematen dio alderdi ultraeskuindarreko Modiri berak nahi dien haiei herritartasuna ezabatzeko eta horrekin batera herritartasunari lotutako eskubide guztiak.

Mintpressnews hedabideak oroitarazi du Indiako gobernuak herritartasuna kendu ziela bi milioi pertsonari Assam estatuan, eta horietako erdiak musulmanak zirela. Atxilotze Zentroen sarea eraikitzen ari da Modi eta bertan atxikitzen ditu berak "immigrazio ilegal" bihurtu eta kriminalizatutako herritar hauek.