argia.eus
INPRIMATU
Indiako Poliziak sexu-abusuak salatzen dituzten zenbait olinpiar jokalari atxilotu ditu
  • Duela lau hilabete, zenbait kirolarik Indiako Borroka Libreko Federazioko burua salatu zuten sexu-abusuak egiteagatik. Igandean protesta egin dute Jantar Mantaren, Indiako Parlamentutik gertu. Salatuetakoen artean daude olinpiar jokalariak, eta Poliziak atxilotu ditu hainbat.

Leire Rodriguez Garmendia @leirero_22 2023ko maiatzaren 31
Indiako Poliziak Sakshi Malik atxilotu zuen igandeko manifestazioan. Argazkia: La Vanguardia.

New Delhiko Poliziak manifestazioan parte hartu zuten borrokalari olinpikoen aurkako indarkeria salaketa jarri du astelehenean, istilu bat eragitea eta legez kanpoko manifestazioa egitea egotzita. Salatutakoen artean olinpiar jokariak daude: Bajrang Punia, Tokio 2020n brontzezko domina, eta Sakshi Malik, 2016an Rio de Janeiroko Olinpiar Jokoetan brontzezko domina.

Duela lau hilabete, Indiako Borroka Libreko Federazioko burua Brij Bhushan Singh salatu zuten hainbat borrokalariek, urte luzez sexu-abusuak egiteagatik, La Vanguardiak jaso duenez. Ustezko erasotzaileak Singh federazioko burua eta taldeko entrenatzaileak dira. Kirolariek adierazi dute federazioa jakinaren gainean zegoela.

Borrokalariek manifestazioa egin zuten igandean Indiako Parlamentutik gertu, agintariek neurriak hartu ez izana salatzeko. Protesta amaitu da borrokalariak Janta Mantarretik, lehen ministroa zegoen Legebiltzarraren egoitzara joan eta gero. Malik atxilotu egin zuten denboraldi laburrez.

"Zazpi egun behar ditu Delhiko Poliziak sexu erasoaren egilearen aurkako salaketa erregistratzeko, eta zazpi ordu ere ez ditu behar izan gure aurkako salaketa bat jartzeko", adierazi du Malikek.