Indiako Poliziak Kaxmirren independentziaren aldeko hamabi miliziano hil ostean, protesta handiak izan dira herrialdearen hegoaldeko herrietan. Manifestazio hauetan, beste hainbat lagun hil eta 70 zauritu ditu Indiako Poliziak, Open Democracyn jaso dutenez.
Indiaren aurkako manifestazio erraldoiak izan dira Indiak kontrolatutako Kaxmirren igandean, aurreko egunetan gutxienez independentziaren aldeko hamabi militante eta hiru soldadu hil ostean.
Milizia armatuen aurka Indiako Poliziak operazioa egin zuen aldi berean hiru herritan: Dialgam, Dragad eta Kachdora. Herri horietako herritarrak borroka lekuetara joan ziren, milizianoei ihes egiten laguntzera Al Jazeerak jaso duenez. "Poliziak tiro egin zien zibilei. Hainbat gaztek begietan zauriak dituzte, eta bi pertsona neure begien aurrean tirokatu dituzte", adierazi dio herritar batek aipatu hedabideari.
Operazio hauetan, hamabi miliziano eta lau polizia hil dira. Heriotza hauek salatzeko, protestak ondoko herrietara zabaldu dira. Ospitaleek emandako datuen arabera, gutxienez 70 lagun zauritu dira Poliziaren eta hauei harriak botatzen zizkietenen artean.
Independentziaren aldeko mugimenduek bi eguneko greba orokorrera deitu dute hilketak salatzeko. Bitartean, Srinagar hirian, etxeratze agindua indarrean dagoela, milaka lagun atera dira kalera protestan.
Jarraian APren argazki batzuk.
Kaxmir herria hiru estatutan banatuta daukate: India, Pakistan eta Txina. Parte bat Indiako Batasunaren eta Pakistanen artean banatu zuten bi herrialde hauen arteko 1971ko su-etenaren ondoren. Pakistango parteak Azad Kaxmir du izena eta Indiako Batasunari dagokionak Jammu eta Kaxmir.
Ekialdeko partea Txinako administrazioaren mende dago, 222.800 kilometro koadro ditu eta 6.000.000 biztanle. Biztanle gehienak musulmanak dira. Hiri nagusiak: Srinagar Indian eta Skardu Pakistanen. Indiar azpikontinenteko ipar-mendebaldeko eskualdea da. Historian zehar, Kaxmir izena Himalaia eta Pir Panjal mendikateen arteko harana izendatzeko erabili da.