argia.eus
INPRIMATU
Indiako nekazariek hiribururako martxari eutsi diote
  • Indiako Poliziak bonba negar-eragileak jaurti dizkiete New Delhira bidean diren milaka nekazariei, gobernuak egin dien eskaintzari uko egin ondoren.

Ainara Rodil Jaime 2024ko otsailaren 22a

Laboreen prezio duinak eskatzeko protesta egiten ari dira Indiako nekazariak, astebete daramate jada eta astelehenean gobernuak egin dien proposamenari uko egin diote "nekazarien interesak ez dituelako asetzen". Gauzak horrela, New Delhi hiriburura bidean jarraituko dutela berretsi dute. 2021ean antzeko protesta abiatu zuten nekazariek, orduan hiriko kanpoaldean urtebete baino gehiago kanpatu zuten.

Nekazariak, 200 sindikaturen babesarekin, otsailaren 13an abiatu ziren hiribururantz. Gas negar-eragileak, ur-kanoiak eta ke-poteak bota dizkie Poliziak, droneak erabiliz. Martxari berrekin aurretik, New Delhitik 190 kilometrora kanpatuta izan dira nekazariak, eta, bien bitartean agintariek barrikadak altxatu dituzte hirira sar ez daitezen.