Herrialdea hego polora iritsi den lehena da, eta ilargiratu den laugarrena. Asteazkenean 14:34ean iritsi da.
Chandrayaan-3 espaziontziak hego poloan ilargiratzea lortu du. Ilargira iritsi den laugarren herrialdea da, SESB Sobietar Errepublika Sozialisten Batasuna, AEB Ameriketako Estatu Batuen eta Txinaren atzetik. Sreedahara Panicker Somanath Indiako espazio agentziako buruetako batek “India Ilargian dago” esan du.
Ilargiko eremu ezezagunera iristeko karrera dago azken urteetan. Errusia aurreko igandean saiatu zen ilargiratzen, baina komunikazioa galdu zuen eta ez zuen lortu. Japoniak ere duela gutxi galdu zuen Hakuto-R zunda, eta orain SLIM proiektua dauka bidean, Ilargiko ekuatoreko zonarako. Eremu horietan ur izoztu erreserbak daude, eta horrek bizitzarako aukerak ematen ditu; erregai, oxigeno eta ur edangarrien iturri handia izan liteke, eta horrek misio berriak errazteko ditzake. Ilargiaren eremu horren ezaugarri termiko, fisiko eta kimikoak ezagutzea da beste helburu nagusietakoa.
ISRO Indiako espazio agentzia asko handitu da azken urteetan. 2009an, Chandrayaan-1 espaziontziarekin, Ilargiko hego poloan ur izoztua zegoela ikusi zuten. 2019an aurten egindako misioa egiten saiatu ziren, baina programazio akats batek ilargiratzea zapuztu zuen. Azkenean, Chandrayaan-3 espaziontziarekin, ilargiratzea lortu dute. Ontzia egonkortzean, rover ibilgailu bat jaitsi dute lurrera, eta hego poloko lehen neurketak egingo ditu. “Informazio guztia berria da”, adierazi du Asiako espazio programan 30 urtez ibili den Anil Bhardwajek. Narendra Modi Indiako lehen ministroak “Indiarentzako kapitulu berri bat” dela dio