argia.eus
INPRIMATU
'Talaq' hirukoitza
Indiako emakume musulmanek “dibortzio azkarra” eta bazterkeria garaitu dituzte
  • Muturreko praktika islamiko horrekin gizonak emakumea baliabide gabe utz zezakeen nahi zuenean. Herrialde hartako Gorte Nagusiak debekatu egin du orain.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2017ko abuztuaren 22a

Talaq edo dibortzio hitza hiru aldiz esatea nahikoa zuen gizonak emakumearengandik banandu, eta larriena dena, inolako ondare edo baliabiderik gabe uzteko. Ohitura arbitrario eta zapaltzaile hori Pakistan, Bangladesh eta mundu islamiar ia gehienean debekatuta zegoen, baina Indian gaurdaino iraun du herrialde horretan harreman pertsonalak arautzeko oraindik kodigo erlijiosoak erabiltzen direlako.

Indiako emakume musulmanek, ordea, urteak zeramatzaten ohitura horren kontrako kanpainan. The Guardian egunkariak azaldu duenez, ezkondutako hamaika emakume musulmanetik bat halako bazterkeria egoeran geratu da, kasu batzuetan nahikoa zen imanari talaq hirukoitza posta elektronikoz bidaltzea: emakumeak ondoren jakingo du gizonak abandonatu egin duela eta pentsiorik edo etxerik gabe geratu dela.

Gorte Nagusiak zazpi biktimen kasua aztertu du eta tribunalak ebatzi du ohitura hori ez dela praktika erlijioso baten parte eta “konstituzioaren morala urratzen” duela. Indiako bost erlijio nagusiak –hinduismoa, kristautasuna, islama, sikhismoa eta zoroastrismoa– ordezkatzen dituzten epaileen iritziz, “kapritxoz” hartutako erabakia da gizonarena.

Azpikontinente erraldoi eta populatuan 150 milioi musulman bizi dira, beste komunitate batzuk baina pobreagoa da orokorrean eta hezkuntza maila eskasagoarekin. Hala, emakume musulmanek zailago izan dute espiral horretatik irtetea.

“Guretzako egun oso pozgarria da, egun historikoa –esan dio egunkari britainiarrari Zakia Soman aktibistak–. Guk, emakume musulmanok, tribunalen eta zuzenbidearen babesa izateko eskubide bera baitugu”. Indiako legeen arabera, seme alabak mantentzeko soldataren herena eman behar dio gizonak emazte ohiari.

Auzi honetan, muinean India osoan harreman pertsonalak arautuko dituen kodigo zibil uniformea ezartzeko eztabaida ere badago. Narendra Modi hinduaren gobernu abertzaleak bultzatutako proiektua da.  

Agintari islamiko eta erakunde musulman asko, ordea, talaq hirukoitzaren kontra egonagatik, kodigo zibilaren kontra ere badaude, hinduismoan oinarritua egongo litzatekeelako euren esanetan.