118.000 kutsatu daude herrialdean, horietatik 3,583 hildako. Ostiralean kaleratutako datu berriek 6.000 kasu berri eman dituzte egun bakarrean, orain arte emandako daturik altuena. %5eko igoera izan dute kutsatze berriek.
Herrialdea oraindik konfinatuta dago, hilabete amaierara arte momentuz, baina neurriak leundu ditu Gobernuak, eta tokian-tokiko agintarien esku utzi du krisiaren kudeaketa. “Kasuen gorakada hau jendearen mugimenduak baimentzen hasi direlako gertatu da. Baina ikuspegi orokor batetik, munduko gainontzeko lekuetan baino igoera esponentzial txikiagoa izan da”, adierazi dio Reutersi Giridhar Babu Indiako Osasun Publikoko Elkarteko epidemiologiako irakasle batek.
973 kutsatu berrirekin, egoera berean dago Indonesia. Herrialde horretan ere orain arteko datu altuenak jaso dituzte ostiralean, guztira 20.796 kutsatura eta 1.326 hildakora helduz.
Bi aldiz krisi
Indian, koronabirusari hondamendi naturalak batu zaizkio. Amphan zikloiak, azken hamarkadetako bortitzena, gogor jo ditu India eta Bangladesh mugakideak. Gutxienez 82 pertsona hil dira, gehienak elektrokutatuta, edo eroritako arbolek jota.
Hiru milioi eta erdi biztanle ebakuatu dituzte, eta horri eskerrak ez dira izan gehiago hildakoak. Dena den koronabirusak zaildu egin ditu ebakuazio lanak; segurtasun neurriak mantentzearren aterpeak ezin izan baitituzte guztiz bete. Baina giza kalteez gain, kalte materialak ere eragin ditu zikloiak: 400 kilometroko lurraldean etxeak, kaleak eta estolda sistemak suntsitu ditu. Horren aurrean, 130 milioi dolarreko larrialdi funtsa hitz eman du Gobernuak.