Ari da mundu guztia kontuak ateratzen Trump 2.0 aldian norberari gerta dakiokeenaren eta munduan gerta daitekeenaren inguruan. Subjektuaren mudakortasuna ezagututa, ziur samartzat eman daitekeen aurreikuspen bakanetakoa da Estatu Batuen Txinarekiko harremanak, ekonomikoak bederen, gaiztotu egingo direla. Eta zenbakiekin pentsatu ohi dutenak ari dira beren pronostikoak doitzen. Gaizkoadura nozituko lukeena ere jakinaren gainean dagoela eta kontuak atera dituela ematen du.
Askoz enigmatikoagoa da, ordea, zer gerta daitekeen AEB eta Indiaren arteko harremanetan datozen lau urteetan. Biden administrazioak estrategia oso bat, handioski Indo-Pazifikokoa deitu dutena, eraiki nahi izan du bere agintaldiaren hastapenean eskueran doan aurkitu zuen Galwan ibarreko krisiari hauspoa eraginez. “Itzala egin diezagukeenari itzala egin diezaiokeena” berotzea berebiziko asmamena izan zitekeela ebatzi zuen norbaitek. Baina ez du funtzionatu. Berehala etorri zen Ukrainako krisian, bati omenka asmoak ere arbuiatu zaizkionean, besteari egintzak ere apenas maiseatu dizkioten arren, AEBk ez du lortu India anglosferako kideen antzera porta dadin. Espero zitekeen bezala.
“Autonomia estrategikoa” deitzen diote horri Narendra Modi Indiako lehen ministroak eta haren ingurumarikoek. Baita itxurakeria baino asko gehiago ez dela deritzoten kritikoek ere. Abagune bakoitzari ahal den onura guztia atera behar zaiola, baina inoren gurdiari lotuta geratu gabe, arrunki esanda. Kolonialismoaren ondorengo harrotasun nazionalak ez ezik, Indiaren garapen-bideak horrelako zerbait eskatzen duelako. Eta, agian, BJPk bere oposizioarekin kontraesan gutxien duen atala izango da kanpo-harremanetako estrategia hori, partekatua dela esatea askotxo bada ere.
Ez da, ordea, Trumpekin gozo konpontzeko modurik aproposena. Lehen agintaldian jada erakutsi zuen hark India ere gainerako aliatuak bezain esanekoa, eta manupekoa, izatea nahi zuela. Alta, ez da Modirekin gozo konpontzeko modurik aproposena. Orain, gainera, orduan ez bezalako zuzeneko liskarrak badaude: sikhen aurkako ekintzak, Adani auzia...
Begien bistakoa da Modiren hirugarren agintaldia hasi denetik Jaishankar kanpo-arazoetako ministroak Txinarekiko harremanak samurtzeari ekin diola. Mugako tirabirak berriro izozkailura itzuli dira, eta hormatuta zeuden tratu ekonomikoak berriro epeltzen hasi dira. Azkena, zuzeneko hegaldiak berrabiaraztea.
Kontraesanak –muga-arazoak, Pakistan eta Afganistan, Indiako Ozeanoa– ez dira aienatu; bere horretan jarraitzen dutela esan liteke. Berriak –Bangladeshekoa, demagun– agertu daitezke. Eta aspaldikoak –Tibet– indarberritu.
Baina Modi ari da bere kontuak ateratzen. Trump 2.0 heldu aurretik ere.