Hamar hilabete geratzen dira datorren maiatzean egingo diren Indiako hauteskunde nagusietarako, eta aukera-lerroak finkatzen ari direla esan liteke. Pasa den astean eratu da INDIA, maiuskulaz, “Indian National Developmental Inclusive Alliance”, oposizioko 26 talderen aliantzak hartu duen izenaren akronimoa den heinean. Kointzidentzia, noski, ez da halabeharrezkoa, gogotik bilatua baizik, agian atzerrirako eraginkorragoa izango bada ere (herrialdearen endonimoa “Bharat” da usu, aldaera batean edo bestean).
Nolanahi ere, argi dago oposizioak ez diola nazionalismoaren bandera Modiren BJP-Bharatiya Janata Party eta haren inguru eratuta dagoen NDA-National Democratic Alliance (une honetan dozena eta erdi alderdik osatua) multzoari utzi nahi esklusiban. Eta nazioarteko dosier potoloetan (Errusiarekiko harremanak, Txinarekiko tirabirak, Indo-Pazifikoko itsaslaminak…) ere izango lukeela isla parekatze-saio horrek.
Hala ere, INDIAk oraingoz erakutsi duen berritasun nagusia da Rahul Gandhik, koalizio sorberriaren aurpegi nagusia izan arren, iragarri duela, hauteskundeak irabaziz gero, lehen ministro kargua bereganatzeko ahaleginik ez duela egingo. Indian National Congress alderdiren burua eta Nehru-Gandhi dinastiaren egungo erreferentea den Rahul, Sonia eta Rajiven semea, desgaituta dago martxoaz geroztik edozein kargu politikotarako, polemika bizia sorrarazi zuen eta oraindik erabat ebatzita ez dagoen epai baten ondorioz.
Rahulen mugimendu taktiko horrek pipergabetu egin du, hein batean, Modik koalizio berriarekiko erakutsi nahi izan duen destaina. Inkesten haizea alde duen arren Karnataka eta Himachal Pradesh estatuetako hauteskundeetan jipoi mingarriak jaso berria da Modi, eta duela urtebete ezbairik gabekoa zirudiena, hirugarren agintaldia aise lortuko zuela 2024an, zalantzagarriagoa da gaur egun. Manipurreko istiluak, bizimoduaren garestitzea eta beste hainbat faktore katramilatzen ari zaizkio nazioarteko ekaitzetatik onik ez ezik irabazten ari dela dirudienari.
Eta seguruenera, gogoan izango du Modik nola erdietsi zuen BJPk, orduan guztiz hegemonikoa zen Kongresu alderdiaren aurka, gaur egun hain sendoa dirudien bere hegemonia hori: Kongresua ez, beste adostasunik ez zuen nahas-mahaseko koalizio baten buru eginda.
Egia osoa esateko, haatik, gogoan izan behar da Modik eta BJPk badutela Kongresuak inoiz eduki ez duen baliabide bat: Sangh Parivar eta haren RSS antolakundea. Modik, argiro jada, darabilen eta datorren urteko hauteskundeak baino askoz harago doan “agenda luzearen” oinarria.
“Munduko demokrazia handiena” aipatzen denean gogoan izan behar den zerbait.