Hainbat independientek Nafarroa Bai-ren baitan asoziazio bat sortuko dutela jakinarazi dute beren blogean. Zabaltzen izena hartuko du eta irailaren 1ean eratuko da, NaBai "bloke identitarioetatik salbu" egon dadin.
Asoziazioa sortzeko arrazoi nagusia "bloke identitarioetatik desberdintzea" dela azaldu dute. "Gaur egun Nafarroan horrelako proposamenek (identitarioek) bultzada handia dute, baina Nafarroako bizitza politiko eta instituzionala eraldatzeko duten erabilgarritasuna zalantzagarria da", gaineratu dute. Asoziazioaren helburua izpiritu integratzailea bultzatzea izango da, eta zabalik egongo da edozein sentsibilitate aurrerakoi barneratzeko, abertzalea izan ala ez.
Bestalde, Aralarrek datorren urriaren 1eko kongresuan eztabaidatuko duen txostena aurkeztu du, eta ez du adierazi NaBai-n jarraitzeko asmorik. Are gehiago, alderdiaren etorkizunerako oztopo bezala aurkezten da txostenean azken hauteskundeetan NaBai-n EAJrekin joan izana. "Prezio bat ordaindu behar izan dugu Nafarroan EAJrekin egindako koalizioagatik, EAJ izaten ari delako Zapatero Jaunaren Gobernuaren sostengu nagusia", adierazi du Aralarrek txostenean.
Ezker abertzale berria eratzeko asmoa erakusten du Aralarrek. Bloke hori sortzerako garaian, hiru baldintza dira ezinbestekoak, txostenaren arabera: "Ezker abertzalean dauden bi sentsibilitateen –eta hiru egituren: AB, Sortu eta Aralar– arteko elkarrizketa, negoziazioa eta akordiorako prozesua irekitzeko prestutasuna" alde batetik, "osaketa ideologiko iraunkorra" lehenestea bestetik, eta "elkar ulertze eta elkarlana egonkortzea" helburu izanik, "kolaborazio politikorako eta bateratzeko prozesuak egotea", azkenik.