argia.eus
INPRIMATU
Independentziaren aldeko topaketa irekiak urtarrilaren 16an
  • Topaketa irekia antolatu du Independentistak sareak Lakuntzan, urtarrilaren 16an 10:00etan, "independentziaren aldeko mugimenduaren urrats berriak aztertu eta erabakitzeko".

ARGIA @argia 2015eko abenduaren 23a

2014ko martxoan Independentista sareak bi urterako plan estrategikoa eztabaidatu eta erabaki zuen, eta Independentziarako urrats sendoak emateko garaia da txostenean bildu ziren lan ildoak.

Prentsara bidalitako oharrean azaltzen dute azken bi urteotan Eskoziako erreferenduma eta Kataluniako prozesu independentistatik ikasgaiak atera nahian ibili direla. "Independentistak sareko kideok gehiengo sozial independentista bat metatzeko estrategian sakondu eta egungo Euskal Herriarentzat etorkizuneko alternatiba izan behar duen independentismoa definitzen aritu gara", diote.

"Burutu dugun lanaren balantzea egin eta egungo egoera sakon aztertzeko ordua dela uste dugu". Ondoren, euskal mugimendu independentistak aurrera begira garatu behar duen estrategia eta egin behar dituen urratsak ondo zehaztu eta jarduera plan bat mahai gainean jartzeko. "Jauzi bat egiteko garaia da", esanez amaitu dute.