2018ra bitartean ahalik eta herri galdeketa gehien egitea da Gure Esku Dagok eskuartean duen erronka. Asteburuan galdeketak iragarri dituzte Azpeitian eta Diman. Lehenengoan ekainaren 12an egingo dute; bigarrenean ekainaren 19an, goierritarrekin batera.
Azpeitian prozesua azaltzeko agerraldia egin du larunbatean Hitzartu taldeak. "Nahi al duzu izan euskal estatu independente bateko herritar?" galderari baiezkoa edo ezezkoa erantzun beharko diote herritarrek. Azpeitia izango da orain arte galdeketa egin duen herririk handiena.
15 lagunek osatutako talde eragilea da Hitzartu, erabakitzeko eskubidearen gauzapena helburu duena. Hurrengo urratsa galdeketaren aldeko sinadurak biltzea izango da. Martxoa erdialdera bitartean gutxienez 1.500 lortu nahi dituzte, hots, biztanleriaren %10 baino gehiagoren babesa.
Behin nahikoa sinadura bilduta, galdeketa antolatu eta kanpaina egingo lukete, herritarren parte hartzea sustatuz. Hirugarren eta azken urratsa ekainaren 12an galdeketa egitea litzateke. Hitzarturen esanetan, prozesu honen helburu nagusia galdeketa antolatu eta ahalik eta herritar gehienek parte hartzea da, eta ez baiezkoak irabaztea.
Diman Alkarregaz elkartea sortu dute
Dimarrek igandean jakinarazi dute independentziari buruzko herri galdeketaren data: ekainaren 19an egingo dute, Goierriko 22 herriekin batera.
Gure Esku Dagoren ekimenez Alkarregaz izeneko elkartea sortu dute, galdeketa aurrera eramateko. Talde honetako kideak izango dira itaun zehatza erabakiko dutenak.
Aitzindariak: Etxarri Aranatz eta Arrankudiaga
Independetziari buruzko lehen galdeketa Etxarri Aranatzen egin zuten, 2014ko apirilean. Galdera honakoa izan zen: “Nahi al duzu Euskal Herri independente bateko herritarra izan?”. Parte hartzea %42,7koa izan zen, eta horietatik %94 baiezkoaren alde agertu ziren.
Galdeketa egiten hurrengoa Arrankudiaga izan zen, urte bereko azaroan. Kasu honetan parte hartzea altuagoa izan zen (%61,5), eta jende gutxiagok egin zuen baiezkoaren alde (%89).