argia.eus
INPRIMATU
Independentziaren aurkari Alcide Ponga izanen da Kanakyko presidente berria
  • Abenduaren 24an erori zen gobernua, Kaledonia Elkarrekin alderdi loialistako ordezkariek dimititu zutelako. Hori horrela, loialistek berreskuratu egin dute independentistek 2021ean lehen aldikoz lorturiko presidente kargua. Maiatzaz geroztik krisi politiko, sozial eta ekonomiko sakon batean murgildurik da Frantziako Estatuaren menpe segitzen duen Ozeano Bareko irla multzoa.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2025eko urtarrilaren 09a
Alcide Ponga, Kanaky Herriko presidente berria. Delphine Mayeur/AFP

Alcide Ponga loialista da Kaledonia Berriko Gobernuko presidente berria, urtarrilaren 8ko bozketan hori erabakirik. Independentziaren aurkakoak gehiengoan izateak ekarri du bere garaipena: 11 ordezkarietatik seik bozkatu dute bere alde, eta parean zuen Samuel Hnepeune independentistaren alde, berriz, hiruk –Independentziaren Aldeko Batasuna deitu alderdikoak abstenitu egin dira–.

Bezperan adostu zuten gobernuaren osaketa Kongresuko 54 hautetsiek: lau aulki Elkarretaratzea-Loialistak zentro-eskuineko alderdi loialistarentzat, hiru UC Kaledoniaren Batasuna alderdi independentistarentzat eta bina Kaledonia Elkarrekin alderdi loialistarentzat eta UNI Independentziaren Aldeko Batasuna alderdiarentzat. Hots, Kanaky Frantziaren baitan gelditzearen aldeko sei eta burujabe bihurtzearen aldeko bost.

Ponga independentziaren aurkakoa da, eta Elkarretaratzea-Loialistak alderdiko politikaria da. 49 urte ditu, kanaka da, eta profesionalki nikelaren industrian ardurak ukandakoa da.

Independentistak gutiengoan

2021ean lehen aldikoz irabazitako presidente kargua galdu dute independentistek. Abenduaren 24an erori zen gobernua, Kaledonia Elkarrekin alderdi loialistako ordezkariek dimititu zutelako. Kargua uzteko erabakia azaltzerakoan ordura arteko presidentetzaren “fermutasun eza” eta egoera ekonomikoa hobetzeko politika sendo eza salatu zituzten.

Maiatzaz geroztik Kanaky Herriak bizi duen krisi politiko, sozial eta ekonomikoak ekarri du gobernuaren desegitea. Frantziaren menpe segitzen duen irla horretako giroa gogortu zen maiatzean, Parisetik xede duten lege baten harira: Hautes-errolda eguneratu nahi luke Parisek eta euren pisua "gutxitzeko" arriskua ikusten diote kanakek. 1998ko Noumeako Akordioa deusestatuko lukeela ere uste dute.

1853an indarrez kolonizatu zituzten frantsesek eta orduz geroztik, kolonia izatetik estatutu bereziko kolektibitate izatera pasa arren, Frantziaren barne izaten segitzen du Ozeano Bareko irla multzoak. Noumeako Akordioei segi independentziari buruzko hiru erreferendum izan dituzte, azkena 2021eko abenduaren 12koa, baina COVID-19 krisi sanitarioak zekartzan baldintza eskasengatik independentistek boikotatu egin zutena.