Elkarrekin Podemos zen hauteskunde hauetako berritasuna eta, berritasuna izateko, neurria eman egin du, hamaika diputatu; baina udaberrian zeruko atarietara jaso zuten milaka boto haietatik ehun eta berrogeita hamar mila (150.000) hauteslek galdu diote duela hiru hilabetekoaren memoria. Hauteskunde orokorretatik autonomikoetara egon daitekeen ezberdintasun politiko hutsa baino atxikimendu mota ezberdina galdu ote duen nago, baina ez naiz kapaz zehazteko.
Berritasuna du aitzakia Idoia Mendiak PSE-EEren gainbehera geldiezina esplikatzeko. Arrazoi du, etxean gelditu ez zaizkion botoetatik asko indar berri horrek eskuratu ditu. Baina arrazoi hori teknikoa da, aritmetikoa, inolaz ere ez politikoa. Politikan galdetu egin behar da indar berri horrek zergatik eragin dien eskuinekoak ez diren alderdiei. Berritasunetik hara badago arrazoiren bat oso larria, kanpainaz gaindi, legegintzaldian bidaide izan duen alderdiak gora egiteko eta berritasunaren mesedetan galtza-zorroak eta dena galtzeko. Erantzun politikorik ematen ez zaion bitartean Euskal Herriko sozialismoaren gainbeherari galga jartzea oso izango da zaila.
Eta bestea ezker abertzalea, nago ez duela asmatzen bakardade politikoan gelditu dela ala txapeldunorde gelditu dela erabakitzen. Biak dira egia, bietarako ere berritasun ospetsu hori jarri dute aitzakia, baina erantzun politikoa, oraingoz behintzat, suertatu zaion bakardadea da. Tokitara joan zaio nazionalismoaren diskurtsoan azken urteotan izan duen nagusitasuna; ikuskizun datozen urteotan nazionalismoak egingo duen bilakaera. Gau elektoraleko unerik loriatsuenean, politikoki larrienean alegia, inor hasi zen ametsetan Elkarrekin Podemos, PSE-EE, eta behar ziren etsai guztien bilketan. Eskuina atera da gehiengo absolutuarekin, EAJ-PP, badaezpada ere ahaztu behar ez dena.
Zer merezimendu aitortu dizkio EAJri euskal hautesleriak? Esango nuke gizarte baketsu bilakatzen ari garen honetan inolako tentsio larririk eragin ez izana eta herri honetan gauden sentsibilitate nagusien arteko desorekarik sortzen saiatu ez izana. Estu, larri eta haserre bizitzea baino askoz hobe dela ezberdina aitortuz egitea. EAJ jabetu dela esango nuke independentismotik, aldebakartasunetik, zenbat eta urrutiago hainbat eta erantzun hobea ematen diotela herritarrek, eta XXI. mendeko independentismoa asmatu du. Jakin egin behar zertan datzan hori eta zer diferentzia dauden bien artean. Horretan emango dugu hurrengo legegintzaldia, nazionalismoaren baitako bi diskurtsoak bereizten eta, herritarren borondatez, XXI. mendeko hori dela nahiago duten ustea sendotzen. Gehiengo sindikalaren baimenarekin beti ere, horiena ere ez ahaztekoa izan da.