Independentzia prozesuari hasiera emateko adierazpen bateratua adostu dute CUP eta Junts Pel Sí taldeek. Adierazpenak jasotzen duenez, “errepublika formako estatu katalanaren” eratze prozesua eta etorkizuneko konstituzio katalana sortzeko “prozesu herritar, parte hartzaile, intregatzaile eta irekia” jada martxan dira.
Halaber, adierazpen honen bitartez “deskonexio demokratikoari” ekiteko borondatea erakutsi dute aipatu bi taldeek. Deskonexio hau, euren aburuz, baketsua eta masiboa izan beharko litzateke, eta Espainiako Gobernuak prest egon beharko luke prozesu horri trabarik ez jartzeko. Kataluniako etorkizuneko gobernuari eskatu diote soilik Kataluniako Legebiltzarrean adosturiko agindu eta mandatuak kontuan hartzeko, eta hauei lehentasuna emateko kataluniarren eskubideak urra ditzaketen Espainiako instituzioen erabakien aurrean.
30 eguneko tartean burujabetza bermatuko duten legeak adosteko asmoa ere adierazi dute. Lege hauek, besteak beste, segurtasun sozialari, prozesu konstituziogileari eta ogasun publikoari buruzkoak izanen lirateke. Era berean, adierazpena azaroaren 9a baino lehenago Legebiltzarrean onartzea nahiko luketela nabarmendu dute.
Carme Forcadell: “Hauteskundeak berriro deituko balira, Junts Pel Sí ez litzateke aurkeztuko”
Kataluniako Parlamentueko presidente izendatu berria den Carme Forcadellen esanetan, CUPekin negoziazioak hautsi eta hauteskunde berriak deituko balira, Junts Pel Sí formula berriro errepikatzeak “ez luke zentzurik izango”. Forcadellek, halaber, Espainiako hauteskunde orokorretara zerrenda bateratu lez aurkeztea baztertu du. Catalunya Radion azaldu duenez, koalizioa soilik Kataluniako hauteskundeen testuinguru berezirako sortu zen.
Nolanahi ere, Kataluniako Legebiltzarreko presidenteak adierazi du CUP eta Junts Pel Sí adostasunera iritsiko direla goiz edo berandu, eta ez dagoela horregatik zertaz kezkatu: “Ziur naiz azkenean bi taldeak akordiora iritsiko garela. Urtarrilaren 9ra arte denbora daukagu. Inork ez du berriz ere hauteskundeak deitzerik nahi”. Horren harira, gaurko adierazpenak negoziazioak hauspotuko dituela nabarmendu du.
Adostasunera iristeko gakoak, baina, President-aren izendapenean egoten jarraitzen du. Horretaz galdetuta, Forcadellek adierazi du une honetan hautagai bakarra Mas dela, baina agian egokia litzatekeela honi presidentetza beharrean ohorezko postu bat ematea, CUPekin entendimentura iriste aldera. “Inor ez da nahitaezkoa, baina guztiok gara beharrezkoak”, gaineratu du.