argia.eus
INPRIMATU
Independentzia gauzatzeko Generalitateak kontratatutako enpresak ikertzen ari da Auzitegi Nazionala
  • Kataluniako estatu egiturak eraikitzeaz arduratu behar diren enpresen datuak eskatu ditu Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak. Ostiralean Guardia Zibila bidali zuen hogei bat enpresen egoitzetan informazioa eskatzera.

Lukas Barandiaran San Roman 2017ko apirilaren 03a
2015eko Diada.

El País egunkariak argitaratu duen albisteak dio duela urtebete ari dela ikertzen fiskaltza Generalitateak estatu egiturak eraikitzeko egindako mugimenduak, eta horretarako baliatutako enpresak. Bi estatu egituraren eraikuntza ari da ikertzen: inteligentzia zerbitzuak eta zerga agentzia.

Egitura horiek eraikitzeko Generalitateak kontratatu dituen enpresa ugari “handiak eta punta-puntakoak dira”, El País-en arabera. Zibersegurtasuna, aholkularitza eta arlo teknologikokoak omen dira enpresa horiek.

Fiskaltzak sedizio, baliabide publikoen bidegabeko erabilera eta desobedientzia delituen zantzuak ikusten ditu. Egunkariak dio bi helburu dituela ikerketak: lehena, diru-kutxa publikoei kalte egin eta Espainiako Konstituzio Auzitegia desobeditu duten ikertzea, eta bigarrena, ezkutukoagoa, Generalitateak independentzia prozesua martxan jartzen badu beharko dituen tresnak baliogabetzea.

Informazio zehatza

Fiskaltzak informazio ugari eskatu die enpresei. Generalitatearekin egindako kontratuen dokumentuak, datuak eta informazioa; kontratazioak egiteko Generalitateak erabili dituen prozedurak; aplikazio informatikoen gastuak eta ordainketak egiteko moduak; enpresetan eta Generalitatean proiektuak eraiki eta martxan jartzeaz arduratzen direnen izenak; enpresak konfidentzialtasun kontraturik sinatu behar izan ote duten, eta azkenik, programak martxan jarri badituzte, horretarako erabilitako pasahitzak.

Fiskaltzak zortzi eguneko epea eman die enpresei eskatutako informazioa modu egokian emateko. Ohartarazi die ez badute egiten desobedientzia eta baliabide publikoen bidegabeko erabilera delituak egin ditzaketela.