argia.eus
INPRIMATU
Independentzia eta Sozialismoa Euskal Herriarentzat
  • Zaharkiturik al gaude helburu horiekin bat egiten dugunok? Zer-nolako premisak eta dinamikak inplementa genitzake Euskal Herriaren independentzia eta sozialismoa lortzeko? Aipatu helburuak lortu ahal izateko, zer da inolaz ere egin beharko ez genukeena?  Saiatuko gara modu laburrean galderoi erantzuten, baina, aldi berean, zenbait “zergatik?” utziko ditugu tintontzian.

Jon Iurrebaso Atutxa 2019ko abuztuaren 28a

“Zaharkiturik ote gauden” galderaz: Praktikan, Euskal Herriko sozialdemokratak, erreformistak, burokratak eta burges txikiak, iparraldekoak zein hegoaldekoak, dagokien neurrian, demokrazia burgesa (kapitalaren diktadura) zabaltzeaz eta babesteaz arduratzen dira, horren ordainetan onurak eta erreformak jasoz. Horretarako, norabide anitzeko filosofia eta jarduera-ildo politiko traketsaz baliatzen dira, horretara, sistema kapitalista esplotatzaileari eustea eta klase borrokaren teoria zientifikoa indargabetzea dituzte azken xedetzat. Bestalde, euskal langile klaseak eta herri sektoreek boterea hartzeko ezintasuna ziurtatzen dute, eta iritzi berekoa ez den oro halabeharrez zaharkiturik dago, gutxienez. 

Modu horretara, laburbilduz, honelako argudioak darabiltzate: ezinekotzat jotzen dute espainiar eta frantses esplotazioaren eta okupazioaren kontra borrokatzea beraien menperatze egituretatik kanpo (euskal burgesiaren esplotazioaz gain). Horren aurrean, behekook boterea gure esku hartzen ez badugu, txiroak geroz eta pobreagoak eta ugariagoak izango dira, eta asko gara iritzi berekoak. Gauzak horrela, kapitalismoa krisialdian murgildu egingo da, eta hain larria izango da, ezen milioika pertsonen biziraupena arriskuan jarriko baita, kalkulatzeko zaila den kopurua delarik. Orain dagoen fasean kontuan edukirik, kapitalismoaren berezko kontraesanak ezin izango dira “konpondu” munduko gerrarik gabe, eta aurreko bi munduko gerrek eragindako tragediak txiki geratuko dira honekin alderaturik.

Orain dagoen fasean kontuan edukirik, kapitalismoaren berezko kontraesanak ezin izango dira “konpondu” munduko gerrarik gabe, eta aurreko bi munduko gerrek eragindako tragediak txiki geratuko dira honekin alderaturik

Bi posizio daude mundu mailan halako egoera katastrofikoari begira: alde batetik, gertatuko ez delakoan daudenak, sistemak babestuko gaituelako, izan ere, beraren zerbitzari izaki, beraren parametroetan jokatu behar dugu, eta, horrez gain, gure fidelitate politikoaren truke, zerbait lortuko dugu, geroz eta ideologikoa den fidelitatea, hain justu.

Bestaldetik, errealitateari buruzko analisi objektibo, dialektiko eta zientifikoak adierazten diguna daukagu. Hots, gaur egun ez dago egoera aldatzeko aukerarik zapaldu eta esplotatzen gaituen sistemaren barruan, erreformaren bat edo beste egin daitekeen arren, betiere kapitalaren nagusitasuna benetan kuestionatzen ez bada.

Planteatutakoaren arabera, oinarri gisa, sistematik kanpo eta geure indarrekin jokatu behar dugula ondorioztatzen dugu. Diogunez, gure dinamiketan nahiz ildo politikoetan ez da, funtsean, kapitalaren legerik aintzat hartuko, beraren onurarako egina baitago gehienbat. Era berean, sistemaren aparatu politiko, administratibo eta judizialak, kuestionatuak eta mehatxatuak sentituz gero, guri kondenatzeari ekingo diote. Aldi berean, helburu nagusien aldeko borroka aurrera eramateko, ezinbestez, jakitera eman behar dira eta haien defentsa egin. Haiek ala gu. Ez dago erdibiderik eta ondorio horretara ailegatzeko denbora kontua besterik ez da.

Gure helburu nagusiak lortzeari begirako premisei eta dinamikei dagokienez

Euskal iraultzaren subjektua nor den zehaztea da lehentasunezko gaietako bat, guretzat independentzia eta sozialismorako bidea posible izan dadin. Euskal langile herria da, hain zuzen, langileria eta sektore aurreratuenak aurrealdean daudelarik. Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren historiak interklasismoaren mugak erakutsi dizkigu, batez ere, klase askapenari dagokionez.

Begibistan dago egunez eguneko egoerari buruzko analisi zientifikoak zehaztuko digula nola jokatu behar dugun maila guztietan. Hala eta guztiz ere, ezinbestekotzat jotzen ditugu zenbait puntu azpimarratzea.

Ezin dugu inoiz kuestionatu etorkizuneko boterearen benetako titulartasuna. Alegia, euskal langile herriaren sektore kontzientziatuenek eta langileriak edukiko dute botere politiko, ekonomiko eta horietatik eratorritako guztiak.

Aldi berean, taktikari eta estrategiari dagokienez, ez dugu tratu edo aliantza politiko garrantzitsurik egingo euskal, frantses edo espainiar burgesiarekin. Argi eta garbi eduki behar dugu euskal iraultza sozialista soilik beheko euskal herritarrei interesatzen zaiela.

Ezin dugu inoiz kuestionatu etorkizuneko boterearen benetako titulartasuna. Alegia, euskal langile herriaren sektore kontzientziatuenek eta langileriak edukiko dute botere politiko, ekonomiko eta horietatik eratorritako guztiak

Halako helburuak aurrera eramateko arituko diren abangoardiako erakundeek klase izaera eduki beharko dute. Euskal langile klase independentea da Euskal Estatu Sozialista eraikitzeko behar duguna, bai eta, sindikatuetatik independente izatea ere (salbuespenik gabe gaur egungo euskal politikagintzan) eta abar.

Enegarrenez berriz diogu ezinbestekotzat jotzen dugula klase erakunde iraultzaile guztiak biltzen dituen Euskal Nazio Askapenerako Mugimendu Sozialista eta Iraultzailea sortzea.

Konplexutasun handiko gai batez oso modu telegrafikoan ari garela jakitun izanik, euskal langile eta herri boterea hartzeko zenbait borroka tresna beharko direla esango dugu, horrenbestez, uneko koiunturaren baldintza objektiboek eta subjektiboek zehaztuko dute egin beharrekoa, hau da, zer egin, nola eta noiz.

Aipatu helburuak lortzeko egin beharko ez genukeenaz

Burgesia eusko-espainiarra edo autonomista ahaztu gabe, estatu okupatzaile eta esplotatzaileen eskuetara ez errenditzea edo gure burua ez entregatzea izango litzateke egin beharko ez genukeen lehen gauza, eta gainerakoak barne hartzen ditu. Kapitalaren diktadura onartzearekin batera, euskal iraultza sozialistaren alde borrokatzeko gogoa lurperatzen dugu. Itzulerarik gabeko bide horrek suntsiketa baino ez dakarkigu geuk hala erabakita, eta gure buruaren suntsiketa horrek nazio eta klase izaerarena dakar berekin.

“Zergatik?” galdetzailearen inguruan (kasu praktikoak)

Zergatik entregatzen dira armak eta teoria iraultzailea (independentzia eta sozialismoa) aldebakartasun iruzurtiaren aitzakiaz eta ez da erabakitzen alde bakarrez Espainiatik eta Frantziatik aldentzea Euskal Errepublika Sozialista eraikitzeko?

Hain urrutira jo gabe, zergatik ez da, alde bakarrez, desobedientzia inplementatzen dinamika politiko gisa ezker abertzalearen betiko helburuak aldarrikatu eta lortzeko? Aldiz, aldebakartasunetik onartzen da Espainiako “alderdien legea” eta, horretara, ekimen politikoa gure okupatzaile eta esplotatzailearen sokaz amarraturik geratzen da.

Zergatik deitzen zaio “bake prozesua” entrega politiko-militar horri? Zergatik mundu osoan zeharko “bake prozesuetan” matxinatuek aurretiko posizioa abandonatzen dute eta kapitalaren esku jartzen dira konfrontazioaren ondorio batzuetarako konponbidea bilatzeko, baina ez, ordea, jatorrizko arrazoi politikoetarako? Euskal aferan arrazoi politikoak eta ondorioak konpondu gabe geratu dira, hor euskal preso politikoez, deportatuez, iheslariez, independentziaz eta sozialismoz ari gara.

Baldin eta “Independentistak” taldea independentziaren aldarrikapena egituratzeko elementu bultzatzaile gisa jaio bazen… benetako geldiketa egitea erabaki zen, zergatik? Zergatik ez da esaten egia? Euskal burgesiaren egitura politiko eta ekonomikoa ez da independentista, Euskal Herriaren independentziak bere interes ekonomikoen kontra egiten duelako, zergatik ezkutatzen da hori? Bada, jarraian EH Bilduk Araba, Bizkaia eta Gipuzkoarako estatutuaren hitzaurrea sinatzen du EAJrekin (Euskadiko estatutua EAJentzat), Moncloako estatua eguneratu egingo duena, diktadura faxistatik 1978ko erregimen monarkikorako trantsizioaren emaitza.

Zergatik sortu zen “Esait” eta geroago desegin euskal kirola egituratzeko nazio organismoa izanik? “Euskal politikan izandako aldaketak direla kausa, alderdien arteko akordioak ahalbidetu egingo dira…” esaten omen zuten. Naiz-ek honela zioen: “ESAITek amaitutzat eman du bere ibilbidea; "Hasitako guztia, amaitu egiten dela jakitun izanik, eta sigla guztiak beti kausa nagusi baten zerbitzura daudela baina inoiz ez direla jomuga” konbentziturik. Bada, ondo, baina aipatu behar dugu begibistan dagoena: ezer ez dela amaitu eta dena egiteke dagoela euskal selekzioei dagokienez. Era berean, dena Sorturen zerbitzura dagoenaren kontu hori, barka, kausa nagusi baten zerbitzura… Nazio eta herri organismo anitza bada, alderdi baten zerbitzura egon gabe izan daiteke independente eta, horren ezean, alderdiak herri eztabaida zintzoa eduki beharko luke.

Zergatik sortu da “Udalbiltza” nazioa egituratzeko elementu gisa, eta geroago gelditu Ezker Abertzale Ofizial eta Erreformistak dinamizatu beharreko elementu gisa? Hegoaldea eta Iparraldea hartzen dituen Udalbiltza eta estatutu berriari buruzko akordioaren arteko kontraesan gaindiezina da benetan ezkutatzen dutena, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa soilik sartzen direlako, eta EH Bilduk akordioa lehenesten duelako. Udalbiltzak, izatekotan ere, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako gobernu autonomoaren gainetik egon beharko luke, soil-soilik duen nazio artikulazioagatik. 

“Gure Esku Dago” dela eta, zergatik eskatzen da erabakitzeko baimenik eta ez da sortzen independentzia zuzenean aldarrikatzeko dinamikarik, batez ere, Espainiak eta Frantziak ondoriozko erreferendumik baimenduko ez luketela jakitun izanik?

Zergatik onartzen da Hegoaldeko zatiketa, hau da, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa alde batetik eta Nafarroa Garaia bestetik? Funtsean, 1978ko erreforma espainiarraren hasieran baino okerrago gaude. Orduko Ezker Abertzaleak ez zuen onartu diktadura espainiaren marka-aldaketa, besteak beste, Hego Euskal Herria bitan zatitzen zuelako. Orain, ordea, zatiketa onartu eta, aldi berean, hiru erraitako estrategia eraikitzen da erritmo desberdinekin… “2026rako Euskal Errepublika Konfederala” jomuga duena. Hori guztia, ulertzen dugu, kartzelatik pasatu gabe eta frantses nahiz espainiar demokrazien onespenarekin, bai  eta, nazioarteko komunitate politiko homologoen onespenarekin ere. “Bake prozesuaren” egileek hainbeste aldiz aipatzen zuten komunitate bera. ETAren armagabetzea gertatutakoan, Euskal Herria kapitalaren nazioarteko ordenaren arabera kokatzea izan da (nola gainera!) ahalbidetu duten gauza bakarra.

“Gure Esku Dago” dela eta, zergatik eskatzen da erabakitzeko baimenik eta ez da sortzen independentzia zuzenean aldarrikatzeko dinamikarik, batez ere, Espainiak eta Frantziak ondoriozko erreferendumik baimenduko ez luketela jakitun izanik? Gure burua suntsitzea da hori, eta horretaz ari gara, adibidez, “gure burua suntsitzea geuk hala erabakita” aipatzen dugunean. Hausnartu behar dugu horren inguruan. Zergatik indarrak galtzea gure kalterako eta, aldi berean, etsaien mesederako? Hori ez da, apurka-apurka, eskaileratik gora egitea, eskaileratik behera egitea baizik, gainera, erabat labainkorra den eskaileratik.

Errepresioari begira, noiz arte baldintzatuko gaitu gure ildo politikoa eta nazio zein klase helburuak inplementatu ahal izateko? Bestalde, noraino iritsiko gara “posible” teoriarekin? Hau da, posible/bideragarri da armen eta helburuen entrega egitea doan ateratzen zaigulako eta, aldiz, ez da posible/bideragarri gure helburuak aldarrikatzea errepresioa dakarkigulako. Halako ekuaziori jarraiki, sistema eta etsaiaren legezkotasuna besarkatzen ditugu, eta horrekin bat ez datorrenak borroka armatua itzuli nahi du, nostalgikoa da, ezinezkoa, desfasaturik dago, beste garai batzuetan bizi da…

Euskal Estatu Sozialistaren alde! Aurrera beti!