argia.eus
INPRIMATU
Independentzia 18 hilabetean gauzatzeko bide orria adostu dute Katalunian
  • Irailaren 27ko hauteskundeen ondoren Kataluniako independentzia gauzatzeko bide orria adostu dute astelehenean hainbat eragilek: CDC, ERC, ANC, AMI eta Omnium Cultural. CUP eta beste eragile batzuen adostasuna lortzen saiatuko dira orain.

ARGIA @argia 2015eko martxoaren 31
CDC, ERC, ANC, AMI eta Omnium Culturalek sinatu dute akordioa. (Arg.: Vilaweb)

Kataluniako hauteskunde autonomikoei plebiszitu izaera emango diote akordioaren sinatzaileek eta independentziaren aldeko indarrek irabazten badute, 18 hilabetetan independentzia aldarrikatzeko prozesua adostu dute. Lau esparru aurreikusten dira bide orrian:

Plebiszitua. Erreferendumik egitea uzten ez zaionez, irailaren 27ko hauteskundeek plebiszitu izaera izango dute. Akordioa sinatu dutenek beren programaren lehen puntuan adieraziko dute haiei botoa ematea independentziaren aldeko botoa ematea dela. Estatu sozialaren berreskuratzea eta gardentasun demokratikoa izango dira Katalunia independentea eraikitzeko ardatz nagusiak.

Prozesuaren garapena. Hauteskundeak irabazten badira 10 hilabeteko epean konstituzio testu bat prestatuko da, horretarako irekiko den prozesu konstituziogilea medio. Ondoren testu hau erreferendumez onartu beharko litzateke. Aldi berean, estatu berria abiarazteko behar diren egiturak sortuko lirateke, besteak beste, Kataluniako ogasuna, gizarte segurantza, egitura estrategikoen trantsizioa, osasun eta zerbitzu sozialak, eta energia hornidura.

Estatu edo errepublika berriaren sorrera iragarriko lukeen independentziaren aldeko adierazpena egingo litzateke. Prozesuak iraungo duen 18 hilabeteetan ez da onartuko kanpotik letorkeen inongo inpugnaziorik.

Harreman instituzionalak. Espainiako estatuarekin negoziazioak hasiko lirateke pasibo eta aktiboen banaketa adosteko eta, oro har, estatu bien arteko harreman berria finkatzeko. Estatu berriaren onarpena eman dadin, nazioarte mailako erakundeekin dagokion negoziazio prozesua irekiko da. Espainiak erreferendum loteslea egiteko lukeen jarrerari adi begiratuko dio prozesuak.

Prozesuaren amaiera. Prozesuaren amaieran erreferendum loteslea egingo dute eta baiezkoa aterako balitz, independentzia aldarrikatuko lukete. Konstituzio marko berrian Legebiltzar berria osatuko da. Une horretatik aurrera harreman molde berriak negoziatuko dira Europako Batasuna eta Espainiarekin.