Astearteko ministroen kontseiluak hartuko du erabakia, Espainiako presidenteak Bartzelonan jakinarazi duenez. Neurria elkarbizitzaren aldekoa dela defendatu du, baina elkarrizketa “konstituzioaren barnean” eman behar dela. Independentismoak amnistia aldarrikatu du prozesu independentistaren errepresaliatu guztientzat.
“Bihar, adiskidetasunaren espiritu konstituzionalean pentsatuz, kartzelan dauden bederatzi auzipetuei indultua ematea proposatuko diot ministroen kontseiluari”, esan du Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sánchezek astelehenean. Mintzaldi labur batean iragarri du neurria, Bartzelonako lizeoan propio prestatutako ekitaldian, 300 pertsonaren aurrean.
Kataluniako egoera politikoa eskasa dela eta horretan guztiek dutela erantzukizunik esan du Sánchezek, “desakordioan” betikotzea dela aukera bat, baina beste bat dela hori atzean utzi eta “adiskidetasunaren” alde egitea: “Horren alde egin du Espainiako Gobernuak”, ziurtatu du. Indultuak elkarbizitzarekin lotu ditu Sánchezek: "Onartuko ditugun indultuen funtsezko arrazoia elkarbizitzarako duten baliagarritasuna da. Ziur nago milaka katalan ordezkatzen dituzten bederatzi pertsona horiek kartzelatik ateratzea Espainiako demokraziaren adostasunaren eta bizikidetzaren aldeko mezu irmoa dela”.
Ideiak libre... konstituzioa muga
Indultatuei ez diela eskatzen beren ideiak alboratu ditzatela azaldu du Espainiako presidenteak, baina baldintza at jarri dio Kataluniako eta Espainiako gobernuek hastekoa duten elkarrizketarako: “marko konstituzionala” onartzea. Bere hitzartzearen izenburua argigarria izan da, zentzu horretan: Berriz elkartu: Espainia osoarentzako etorkizuneko proiektua. Indultuen aurka dagoen eskuineko unionismoari esan dio aurkakotasun hori ulertu eta onartzen duela, baina eskatu dio ere onartu dezala indultua legezkoa dela. Voxek, Ciudadanosek zein PPk helegiteak aurkeztuko dituztela iragarri dute.
Amnistia
Independentismoa da indultuen ustezko onuraduna, baina kritikekin hartu du berria. Lizeo kanpoan ehunka manifestari batu dira amnistia aldarrikatzeko. Lizeoan ez da egon Kataluniako Gobernuko inongo ordezkaririk.
Modu kritikoan bada ere indultuari babesa eman dion indar independentista bakarra orain arte ERC izan da, eta nagusiki Oriol Junqueras. Ekainaren 7an argitaratutako gutun batean, lurrikara sortu zuena independentismoan, indultuak babestu zituen eta aldebakartasuna zalantzan jarri zuen. Asteburuan adierazi du indultuak “garaipen” bat direla, Espainiaren ahuleziak “agerian” uzten dituztelako. Asteburuan ere, Kataluniako Gobernuko presidente Pere Aragonesek eta Kataluniako presidente ohi Carles Puigdemontek adierazi dute indultuak ez direla “gatazka politikorako irtenbidea”, eta amnistia eta autodeterminazioa aldarrikatu dituzte. JxCATek Belgikan egin du prentsaurrekoa, gogoratuz, besteak beste, indultuek erbesteratutako buruzagi independentistak kanpoan uzten dituztela.
Prozesu independentistaren ondorioz auzipetutako pertsonak 3.000 baino gehiago direla eta ezin direla bazterrean utzi azpimarratu du CUPek, Sánchezen mintzaldiaren bitartean lizeoaren ondoan antolatu duen ekitaldian. “Pedro Sánchez jauna, ez zara ongi etorri Herrialde Katalanetara. Arazoaren parte zara”, esan du CUPeko bozeramaileak ekitaldian; “Indultuak ez dira inongo irtenbidea. Errenuntzia politiko bat dira gatazka politikoaren aurrean”, Arranekoak. "Lotsaren pakturik eta errendiziorik ez: 3.000 errepresaliatuengatik eta askatasunarengatik, independentzia", aldarrikatu du ANCk. Omnium Culturalek aministiaren aldeko 200.000 sinadura aurkeztu ditu egun berean Madrileko Diputatuen Kongresuan.
Sánchezen hitza eten du Arranek
Arran gazte erakunde independentistako kide batek eserlekutik altxatu eta Sánchezen mintzaldia eten du, justu presidenteak indultuak iragarri dituen unean. Bandera bat eskutan hartu eta indultuen aurkako eta amnistiaren aldeko oihuak bota ditu gazteak.
? Militant d'@Arran_jovent fa boikot a l'acte de @sanchezcastejon. No volem els seus indults, amnistia per totes les represaliades! pic.twitter.com/45sYLVXgr0
— Arran (@Arran_jovent) June 21, 2021