argia.eus
INPRIMATU
Independentisten arteko ika-mika Katalunian: Puigdemontek Konstituzionalean Torrenten aurka egin du
  • Urak nahasita datoz Katalunian: Carles Puigdemontek, atzerriratutako Generalitateko presidenteak, errekurtsoa jarri du Roger Torrent Kataluniako parlamentuko lehendakariaren kontra Espainiako Auzitegi Konstituzionalean, parlamentuko mahaiak boto delegaturako aukera ukatu diolako.

ARGIA @argia 2019ko urtarrilaren 23a
Roger Torrent eta Carles Puigdemont, ERCren eta JxC-ren arteko azken polemikaren protagonistak.

ERC eta Junts per Catalunyaren arteko tentsioaren erakusgarri da Puigdemonten salaketa. Kataluniak independentzia lortzen saiatzeko bidea hartu zuenetik, bi partiduen arteko tirabirak etengabekoak izan dira, baina momentu garrantzitsuenetan lortu izan dute kontsentsuetara iristea.

Baina 2018 osoan zehar bi indar politikoen arteko distantzia geroz eta handiagoa bilakatu da eta azken salaketa honekin aspaldian ez bezain nabarmen ageri da zatiketa iritzi publikoaren begietan.

Nació Digital agerkarian Oriol Marchek idatzi duenez, hitz egiten duenaren arabera desberdin uler daiteke Puigdemonten ekimena: Junts per Catalunyaren arabera, Roger Torrentek urtarriletik zekien Puigdemontek Konstituzionalera joko zuela, Puigdemonten alderdikoa den parlamentuko presidenteordea, Josep Costa, harekin bildu baitzen gaiaz informatzeko. ERCk, ordea, erabakiaren berririk ez zuela dio.

Kataluniako Gobernuaren bozeramaileak, Elsa Artadik (Junts per Catalunyakoa hau ere), garrantzia kendu nahi izan zion astearteko berriari, “gai teknikoa” dela adieraziz. Artadiren arabera, Puigdemontek Konstituzionalean errekurtsoa jartzea erdibideko urrats bat da, gaia ahalik eta azkarren Europako justiziaren esku uzteko.

Baina horretan ere ez daude ados JxC eta ERC: errepublikarren ustez, Konstituzionalera jotzea ez da “ezinbestekoa” Puigdemonten afera Europara eramateko.

Albistea argitaratu eta lehenbiziko erreakzioen ondoren, bi alderdietako kideak saiatu dira ekaitz mediatikoa baretzen. Aste gutxi geratzen dira Espainiako Auzitegi Gorenean prozesu independentista gidatu zuten buruzagi politikoen aurkako epaiketa hasteko eta independentismo kataluniarrari ez zaio interesatzen momentu horretara zatiketa-giroan iristea.