argia.eus
INPRIMATU
Independentistek gehiengoa galdu dute Kataluniako parlamentuan, elkarren arteko desadostasunengatik
  • Kataluniako parlamentuko mahaiak bertan behera utzi du Carles Puigdemont eta preso dauden gainontzeko diputatuek boto delegatua emateko aukera ERCren eta PSCren aldeko botoekin. Erabaki horren ondorioz, independentistek parlamentuko gehiengoa galdu dute. JxCat eta ERCren arteko desadostasunak geroz eta agerikoagoak dira.

ARGIA @argia 2018ko urriaren 10
Preso edo erbestean dauden diputatuen botoa delegatzeko formulan dauzkaten desadostasunek eragin dute independentistek gehiengoa galtzea.

Astelehenean parlamentuko legelarien txostena ezagutu zen, zeinak adierazi zuen preso dauden edo erbesteratu behar izan duten diputatuek botoa emateko JxCat-ek proposatutako formula legez kanpokoa dela. Dokumentu horren ondoren, ERCk eta PSCk bat egin dute parlamentuko mahaian JxCat-i eskatzeko atzera egin dezala eta urriaren 2an plenoak onartu zuen formularen alde egin dezala –Oriol Junqueras eta Raül Romeva diputatu presoak aukera horren alde egin dute–.

Baina Puigdemont, Jordi Turull, Jordi Sànchez eta Josep Rull ez daude ados proposatutako formula horrekin. Parlamentuko mahaiak hartutako erabakiarekin ez daudela ados adierazi dute, nahiz eta errespetatu egingo duten.

JxCat-eko lau diputatuok eskuz idatzitako gutun bat publikatu zuten asteartean Kataluniako hedabideek. Bertan, beraien postura zein den azaltzeaz gain, errespetua eskatu dute Junquerasek eta Romevak hartutako erabakiarentzat –ERCko parlamentuko taldek presidentea izendatu zuten beraien botoak emateko– eta Espainiako Auzitegi Gorenaren kontrako iritzia plazaratu dute. Adierazi dutenez, kartzelan daude “diputatu aktari uko egin ez izanagatik” eta parlamentuko gehiengoa aldatu nahia leporatu diote Pablo Llarena epaileari.