argia.eus
INPRIMATU
Independentistek batera egingo diote aurre Espainiako Ministroen Kontseiluari Bartzelonan
  • Espainiako Ministroen Kontseilua Bartzelonan bilduko da abenduaren 21ean. Manifestazio “masiboa” deitu dute independentistek, eta egun berean Pedro Sanchezek Quim Torrari biltzeko eskatu dio Kataluniako hiriburuan.

Gorka Peñagarikano Goikoetxea 2018ko abenduaren 17a

Kataluniako hauteskundeetatik urtebetera, lehen aldiz Katalunian bilduko da Espainiako Ministroen Kontseilua. Tentsioa nagusitzen doa. Independentistek goizean “herriaren kontseilu bateratua” egingo dute, eta arratsaldean manifestazio “masiboa”. Bestalde, Pedro Sanchez Espainiako Estatuko presidenteak berriki luzatu dio proposamena Quim Torra Kataluniako presidenteari: “Aukera bikaina da biok biltzeko”.

Gabonen aurreko azken ostirala mugitua izango da Bartzelonan. Kataluniako Asanblada Nazionalak independentista guztiei dei egin die, goizeko lehen orduetatik Bartzelonako trafikoa “kolapsatzeko” eta protesta “baketsu baina zaratatsua” egiteko eskatuz. Òmnium-ek deituta eta ANC eta ERC, JxCat eta CUP alderdien babesarekin, bestalde, “herritarren kontseilu bateratua” egingo dute Ministroen Kontseilua biltzen den bitartean.

CDRek ez du bat egin azken hauekin. Espainiako Ministroen Kontseilukoen batzarra eragozteko dei egin du, “kaleak hartu eta barrikada egiteko”. Llotja de Mar egoitzan dira biltzekoak, eta goizean goizetik CDRek sarrera oztopatuko dutela adierazi dute. Bestalde, ikasleak ere kalera aterako dira: SEPC ikasleen alderdiak ikasgelak hustu eta kalera ateratzeko eskatu du. Indersindical sindikatuak bi orduko lan-uzteak deitu ditu 12:30etatik 14:30etara, gutxieneko soldata igotzea eskatuz.

Manifestazio bateratua, arratsaldean

Manifestazio bateratua burutuko da arratsaldeko seietan. ANC, Òmnium, ERC, JxCat, CUP eta CDRek, besteak beste, zabaldu dute mezua: Jardinets de Gracian bilduko dira. Manifestazio bateratua egitearen garrantzia azpimarratu dute, eta “masiboa” izateaz gain, “baketsua” izatea eskatu dute.

Tentsioa areagotzen

Espainiako Ministroen Kontseilua Bartzelonara doa lehen aldiz. Lau preso politikoek gose greban jarraitzen dute  –Jordi Turullek osasun zerbitzuen beharra du–, eta laster hasiko da 1-O epaiketa. Hori gutxi balitz, PPk eta Ciudadanosek Espainiako Konstituzioaren 155. artikulua aplikatzea eskatzen dute, eta egoeraren ezegonkortasuna ikusita, Pedro Sanchezek biltzeko eskatu dio Quim Torrari.

Karga poliziala

“Hiria blindatua egongo da”, adierazi du El Nacional hedabide katalanak. Miquel Buch consellerrak adierazi du polizien presentzia ez dela “bereziki izugarria” izango, berdin jokatuko zela Emmanuel Macron edo Angela Merkel joango balira. Dena dela, zabaldu da Pedro Sanchez Espainiako poliziaren eta Guardia Zibilaren babesarekin joango dela Bartzelonara.