argia.eus
INPRIMATU
Independentistak nagusitu dira Frantziaren menpe segitzen duen Polinesiako hauteskundeetan
  • Tavini Huira'atira alderdiak 38 ordezkari eskuratu ditu bozen bigarren itzulian, eta gainerako bi alderdi autonomisten artean banatu dira: Tapura Huiraatira alderdiak hamasei eserleku eta A Here la Porinetia-k hiru. Independentistek hartu diote beraz agintaritza ordura artean nagusi ziren autonomistei.

Jenofa Berhokoirigoin @Jenofa_B 2023ko maiatzaren 05a
Oscar Temaruk hartu du Polinesiako Gobernurako presidentetza. Argazkia: ARGIA

Independentzia goseak hitz egin du Frantziaren menpe segitzen duen Polinesian: independentistak garaile atera dira lurraldeko hauteskundeetan. Gehiengo osoa lortu dute datorren bost urteentzat, 57 aulkietatik 38 irabaziz. Oscar Temaru politikari eta aktibista izanen da beraz bertako asanbladako presidentea. 2018an elkarrizketatu zuen ARGIAk: "Nazio hau ez zitzaien modu baketsuan eman frantziarrei, beraiek dioten moduan".

Tapura Huiraatira alderdiak botoen %38,5 eskuratu ditu –hamasei eserleku–, eta botoen %17,2 izan dira A Here la Porinetia alderdiarentzat –hiru ordezkari–. Hori horrela boterea hartu diete autonomistei independentistek. Apirilaren 16an iragandako lehen itzulian baino alde handiagoa atera dute gainera: Tavini Huira'atira-k bozen %34,9 eskuratu zuen eta  Tapura Huiraatira-k %30,46.

Uhartedia Pazifikoko 118 irlek osatzen dute eta 300.000 biztanle ditu orotara. 1842 urtean kolonizatu zuen Frantziak eta orduz geroztik Frantziaren menpe segitzen du, estatutuz aldatu arren: 1946az geroztik "Itsasoz haraindiko Frantzia" estatutua du, nolabaiteko autonomia hein batekin.

Independentziari buruzko erreferendum bat?

Independentziari buruzko erreferendum bat negoziatzeko orduan pisu gehiago ukanen dute oraindik aitzina. Gainera, 2022az geroztik Frantziako Parlamentuan ere hiru ordezkari dituzte independentistek, hots, Parisetik ere aldarria entzunarazteko bitartekariak dituzte.