Hamabi auzipetuen kontrako epaiketak 52. saioa du ekainaren 12koa, urriaren 1aren inguruko gertaerak aztergai. Otsailaren 12an abiatu zen auzia eta ordutik 422 lekuko igaro dira epaimahaiaren aurretik. Ebazpenaren zain gelditzen da auzia, eta aurreikusten da uda pasa arte ez dela iritsiko ebazpen hori.
Ordezkari ugari gerturatu da ahozko epaiketaren azken saiora, tartean Joseba Egibar (EAJ) eta Maddalen Iriarte (EH Bildu), baita Generalitateko presidente Quim Torra eta gobernu katalanaren bozeramaile Meritxell Budó ere.
Auzipetuen defentsek hitz egin dute azken saioan. Òmnium Culturaleko presidente Jordi Cuixarten abokatuak, esaterako, 2017ko udazkenean egin ziren mobilizazioak defendatu ditu eta zera azpimarratu du: “Espainiaren batasunak ezin du ekarri oinarrizko eskubideak sakrifikatzea”. Carme Forcadell Parlamenteko presidente ohiaren abokatuak berriz, exajeratzea eta egia ez diren gauzak asmatzea leporatu dio Fiskaltzari.
Auzipetuek hitza hartzeko aukera dute azken saioan eta horrek emango dio amaiera ahozko epaiketari. Hamabietatik bederatzi espetxean daude eta haientzat 16 eta 25 urte arteko kartzela zigorra eskatzen du Fiskaltzak, matxinada eta bidegabeko erabiltzea leporatuta. Gainerako hiruei 7 urteko kartzela zigorra eskatzen diete, bidegabeko erabiltzea eta desobedientzia egotzita.
Desobedientzia agerikoa dela adierazi du Demokraziarako Epaileen bozeramaile Ignacio González Vegak, baina gaineratu du funtsezko elementuak argitu gabe jarraitzen duela auziaren ostean: biolentzia egon zen ala ez. Matxinada delitua izan zela argudiatzeko biolentzia da gakoa.
Irakurri Xabier Letonaren analisia: Zigor gogorrak zeruertzean.