Independentziaren hirugarren erreferenduma abenduaren 12an egingo da Kanakyn, baina independentistek ez parte hartzea erabaki dute, pentsatzen baitute COVID-19agatik ez dagoela baldintza egokirik. Frantziako Estatuak, ordea, hitzorduari eutsi dio, unionisten onerako.
Independentziaren aldeko alderdi guztiak ados jarri dira hirugarren erreferendumean ez parte hartzeko. "Ez dira baldintza sanitario eta sozialak bermatzen lasaitasuna eta bakea izan daitezen", adierazi dute eta liskarrak izateko kezka agertu dute, Kazeta hedabidean Mikel Irastorzak jaso duenez.
Frantziako Estatuaren menpekoa den Kaledonia Berrian, azaroaren 12an 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 112koa zen eta horren aurrean gaueko 22.00etatik goizeko 5.00etarako etxeratze agindua indarrean da azaroaren 15etik, ostatuak eta antzokiak itxita daude eta kirol lehiaketak debekatuta. Eta ezin dira hamabost pertsona baino gehiago elkartu.
Egun Kaledonia Berriko Gobernuan independentistak daude agintean eta erantzukizunez jokatu behar dutela adierazi du Daniel Goa presidenteak: "Hautua egin dugu eta erabakiak hartu. Ez dugu kanpainarako dokumenturik aterako, ez dugu kanpainarik eginen", Kazeta hedabideak jaso duenez. Presidenteak nabarmendu zuen deskolonizazio erreferendum bat ez dela zilegi izanen kanakiar herriaren parte hartzerik gabe.
Aurreko bi erreferendumak irabazi zituzten independentziaren kontrako sektoreek behin eta berriz eskatu dute abenduaren 12ko datari eustea eta pozik dira Frantziako Estatuak horixe erabaki duelako.
Kaledonia Berria 1853tik dago Frantziaren menpe. 1998ko maiatzean izenpetu zen Noumeako Akordioak fasekako deskolonizazio prozesua abiatu zuen. Eta bertan adostutako prozeduraren barruan, abenduaren 12koa hirugarren erreferenduma izango da. 2018ko azaroaren 4an egin zuten lehen erreferenduma eta ezezkoak %56,7 izan ziren. 2020ko urriaren 4an egin zuten bigarren erreferenduma, eta ezezkoak %53,3 izan ziren.
Kanaky herriari buruzko ARGIAren kanalean aurkituko duzu orain arteko bidearen informazio gehiago.