argia.eus
INPRIMATU
‘Independenteen’ gobernua Nafarroan?
  • Nafarroako Gobernuaren eraketak aurrera jarraitzen du eta Uxue Barkos lehendakarigaiak, eragile sozialekin erronda egin ondoren, gobernu programa adosteko elkarrizketei ekingo die.

Xabier Letona Biteri @xletona 2015eko ekainaren 08a
Geroa Baik AHT proiektua aldatu nahi du eta Euskal Yarekiko lotura lehenetsi. (Arg.: Navarra.es). Geroa Baik AHT proiektua aldatu nahi du eta Euskal Yarekiko lotura lehenetsi. (Arg.: Navarra.es).

Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerraz gain (Aldaketa 26 aurrerantzean), PSN ere deituko du (Aldaketa 33 litzateke hori) eta ikusgai dago hauek onartuko duten ala ez. Printzipioz gobernuan ez sartzeko asmoa agertu dute, baina prest dira programaz hitz egiteko.

Gobernuak ukitu sozial handia izan nahi du eta badirudi hor ez dela izango programa adosteko arazo gehiegirik. Hezkuntza, osasuna, krisiarekin baztertuen geratu diren sektore sozialak… horiek izango dira lehentasuna. Arazo handiagoak izango dira hauen sakontasuna adostea eta hauek bideratzeko dirua, garai hauetan aurrekontua edozein gobernuren arazo da eta.

AHT, Gendulain, Nafarroako ubidea

Ez da miraririk sosa kontutan: edo zerga gehiago, edo jarduera ekonomikoa asko handitzen da eta dirua sartu, edo zorra handitu, edo proiektu handietako gastuak murrizten dira. Azken alor hau izango dira gobernuaren norabidearen termometroetako bat. Bidean diren proiektu erraldoiek xurgatu dituzte jada dirutza handiak eta aurrera begira ere erabakigarriak izan daitezke, esate baterako, AHT proiektua, Gendulaineko 18.000 etxebizitza berrien egitasmoa edota Nafarroako Ubidea.

AHTren kasuan, 26ko aldaketaren lau alderdietatik Geroa Baik bakarrik defenditzen du berau, baina ez gaur egun egiten ari den bezala, hegotik iparrera –Castejon-Iruñea– baizik Euskal Y-ari begira, honek bakarrik bermatzen duelako lehentasunezkoa den Frantziarekiko lotura. Beste hiru indarrek aurkako jarrerak agertu dituzte. Lau indar horien artean Geroa Bai litzateke aldeko indar bakarra, baina Legebiltzarrean AHT sostengatzen duten indarrak nagusi dira. Moratoria izano liteke behin-behineko irtenbidea?

Berdintsu Nafarroako Ubidearen kasuan, datozen 30 urteetarako Nafarroako Gobernuak ia 600 milioi eurotik gorako inbertsioak aurreikusten ditu bertan. Eta Gendulaingo proiektua dela eta, Nafarroako Gobernuak esana du berau atzera botatzeak 140 milioi euroko kalteordainak ekarrizko lizkiokeela Nafarroako Gobernuari.

 Azpiegitura handiak bultzatzen dituzten gobernuak saiatzen dira proiektu handiak atzeraezinak bihurtzen, eta modu bat izaten da kalte ordainetan kostu izugarriak finkatzea proiektuak aldatu nahi dituzten gobernuentzat. Finantza gastuekin jantzita, baina Gipuzkoan hori gertatu zaio EH Bilduri errauskailuaren kasuan EAJren aurreko gobernuak utzitako swap ospetsuekin. Aipatutako hiru hauek adibide garrantzitsuak dira eta funtsezkoa izango da nola bideratzen diren ikustea.

‘Independenteen’ gobernua?

Gobernu motari dagokionez, gero eta indar handiagoa hartzen ari da Geroa Baik ‘independendeekin’ osatutako gobernuarena. Sailak banatzen dituzten koalizio gobernu klasikorik ez bederen. Ez Aldaketa 26, ez Aldaketa 33, zerbait hibridoa baizik.

 Gobernu teknikoa? Ez, hori ere ez, edo ez behintzat gobernu teknokrata, Aldaketa 26ko alderdiek garbi baitute gobernuak profil politiko garbia izan behar duela. Funtsean, badirudi Uxue Barkosek gidatutako hainbat sentsibilitate politikotako gobernua izan daitekeela.  Programa, pertsonak eta gobernuaren jarraipena adostu beharko dute funtsean, eta hor bai, era batera ala bestera, neurri handiagoan edo txikiagoan, Aldaketa 33 ordezkatuta egotea bilatu beharko litzateke. Gaian murgiltze sakonagoa nahi duenak, Aldaketa 26ko ordezkariek Euskalerria irratian astero egiten duten tertulian xehetasun gehiago aurkitu ahal izango ditu.