Duela hiru urtetik datorren asmoa betez eta uztailean Elosuan burutu genuen baraualdian erabakitakoa mamituz, Independentearen ale berezi bat lortzeko aukera izango da aurtengo Durangoko Azokan, abenduaren 7tik 10era. Azoka horren sarreretan eskuz esku banatzen ibiliko gara hainbat boluntario, nahi duenari ale bat emateko prest. Horrekin batera, bere herrian eta inguruan ale gehiago banatu nahi dituenari sorta bat emango diogu.
Oraindik Independentea ezagutzen ez duenak paperean lortzeko aukera izango du aurtengo abendutik aurrera, Durangoko Azokatik hasita
Independentea, herri kazetagintzaren agerkaria, 2020tik ari da lanean euskarri digitalean, deklaratutako azken pandemiaren testuinguruan sortu zenetik. Izan ere, testuinguru hartan ikusi genuen bazegoela euskarazko ohiko komunikabideetan hutsune nabarmen bat, eta gure ahotsa entzunarazteko bozgorailu gisa eta ohiko hedabideetan posible ez zen gure arteko komunikazioa errazteko sortu genuen Independentea. Hiru urteko ibilbidean, euskaldun asko saretzeko tresna izan da, nahiz eta oztopoak ere ugari aurkitu dituen bere bidean. Esan behar da euskal komunikabideak askotan egon direla jo-puntuan eta, alde horretatik, Independentea ez da salbuespena izan, nahiz eta erasoak uste ez genuen tokitatik iritsi. Botereak aplikatutako zentsura hutsaren eta errepresio gordinaren bidez izan ez denean, jazarpen informalagoak maiz eraman ditu euskarazko komunikabideak autozentsurara, eta Independentearekin ere egon da, egon, hori lortzeko saiakera egin duenik. Hala ere, eta gorabeherak gorabehera, iraun egin du komunikabide txiki horrek, bere xumean.
Orain papereko edizioa dator, beraz. Pauso esanguratsu horrekin, gure herriaren historian modu ukigarri eta fisikoan sartuko da Independentea. Euskal irakurle oro gonbidatzen dugu ale bat lortzera eta, jarraian, nahi badu, bere herrian, auzoan, etxean edota lantokian banatzera. Oraindik Independentea ezagutzen ez duenak paperean lortzeko aukera izango du aurtengo abendutik aurrera, Durangoko Azokatik hasita. Euskal Herriko txoko guztietara irits dadin nahi dugu, eskuz esku pasatuz, benetako auzolan autogestionatuan, doakoa izango den ale berezia.
Ekimen honetan parte hartu nahi dutenek mezua idatz dezakete info@independentea.eus e-posta helbidera edo Durangoko Azokan bila gaitzakete.
Ihintza Tellabide Amunarriz