argia.eus
INPRIMATU
‘Independentea’ euskarazko hedabide digitala sortu dute
  • Euskaraz diharduen Independentea izeneko komunikabide digitala jaio da. Bertan adierazten denez, medioaren sustatzaileetako batzuek pandemiaren garai honetan jasotako zentsurak bultzatu ditu hedabidea sortzera.

2020ko azaroaren 02a
Independentea euskarazko hedabide digitala sortu da.

Oraingoz artikulu gutxi batzuk besterik ez dituzte argitaratu, baina egunerokoa izateko asmoa dute Kote Camachok Jaio da Independentea!  izeneko idazkian aipatzen duenez: “Badabil burujabeon egunkari libre berria! Jaio dan bezala deituko diogu: Independientea. Instituzio, alderdi, elkargo guztiekiko independientea delako, egileok burujabeak garelako”.

 

Artikuluan erreferentzia egiten zaie COVID-19aren inguruan diren ikuspegiei eta zehazten da Berria-k zentsura jarri diela bere artikuluei zein beste batzuei, eta horregatik sortzen dela medio berria: “Egunkari nazional bakarreko hizkuntza honetan, albiste eta iruzkin guztiak norabide bakarrekoak izatea gaixoti samarra litzateke berez. Eta norabide hori eskubide guztien urraketa zuritzen duen kontsentsu faltsuaren aldekoa izateak benetako alarma dakar”.

 

Asel Luzarraga, Fito Rodriguez eta Pablo Sastre dira agertzen diren sinaduretakoak eta hirurek pandemiari buruz idazten dute, besteak beste ezkerrak gobernuen neurri murriztaileei emandako erantzun eskasa aipatuz.

 

Sustatu atarian aipatu dutenez, medio berria "koronabirusaren negazionistak (Osasuna eta Eskubideak taldekoak), Iruña Veleiako gose greba antolatu zutenak, eta halako iritzi heterodoxoen biltegi bat dela dirudi".