Jesusen Lagundiak 1921etik Bilboko Indautxun duen Begoñako Andra Mari ikastetxean joan den urtean izan zuten abusuen berri. Berria egunkariari ikastetxeko zuzendariak azaldu dionez, hiru ikasle ohik kontatu diete jadanik hilda dagoen irakasle ohi batek iraganean egindako gehiegikeriak.
Biktimek ez dute salaketarik egin, gertatu zitzaiena ikastetxeko arduradunei "kontatu" baizik. Hala, bere webgunean, ikastetxeko zuzendariak eta Elkarteko Nagusiak sinaturiko oharra (pdf) kaleratu du Lagundiak, azalduz hiru ikasle ohiek esandakoa: hezitzaile batek "gehiegikeriak egin zizkiela". Era berean, halako kasu gehiago egon daitezkeela aurreikusiz harrera protokoloa jarri sdute martxan.
Jesusen Lagundiak ez du ikasle ohien izenik eman, hauek ez dutelako inork jakiterik nahi, baina erasotzailearen nortasuna ere ezkutuan mantendu du, jadanik hilda dagoela azaldu du soilik.
Derioko seminarioan ere bai
Gero eta gehiago dira elizaren haztetxeetan azaleratzen ari diren pederastia eta sexu-gehiegikeria kasuak. Deustuko salestarren ikastetxean jasotako salaketez gain, Garesen ere antzeko gertaerak jazo zirela jakin zen joan den astean.
Eta ARGIAk aste honetako zenbakian ere beste kasu baten testigantzak dakartza argitara: Derioko seminarioan ere sexu-gehiegikeriak egin zizkien hango arduradun batek ikasleei. Gainera, honakoan biktimarioaren izena badakigu, Manuel Estomba Derioko zuzendari espiritual eta euskal idazleak egin zituen abusuak, testigantzaren arabera.