argia.eus
INPRIMATU
Indarrez lehertu da independentziaren lehen olatua
  • Bozkatzeko eskubidea zuten herritarren %30ek eman du botoa euskal estatuaz egin den galdeketan, eta hori oso emaitza ona da, kontuan hartuta halako galdeketa moldean gertatzen dena.

Xabier Letona Biteri @xletona 2016ko ekainaren 06a
Debagoienan partehartzea %27koa izan da. (Argazkia: Goiena)

Katalunian, esaterako, lau galdeketa olatuetatik lehenean (2009) %27k eman zuen botoa; eta Bartzelonan –azkena izan zen, 2011n– %21,37k. Gainera, garai hartan Katalunia biziki zegoen haserre Madrilekin, honek Estatutu Berria burusoil uzteraino orraztu ondoren.

Honek ez du esan nahi lau urtera hemen independentismoa Katalunian orain den lekuan egongo denik, baina bai euskal herrietan independentziak hazteko lur hona duela. Ongarri egokia behar orain.

Eta hau gertatu da, hemen independentziaren diskurtso publikoa makalaldian ibili denean azken urteetan, bai alderdi politikoen artean bai herritarren artean ere. Kataluniari begira bai, baina hemen aldarrikapen hori ezin aireratuz. Zenbatetan entzun izango zen azken hamarkadetan behin armak alboratuta independentismoa asko indartu zitekeela. Bistan da ez dela hala izan. Besteak beste, horregatik da oso emaitza interesgarria lehen olatu honetakoa.

Ona da, halaber, antolakuntza lanetan Gure Esku Dago eta herritarrak aritzea, eta ez alderdiak. Askoz gehiago beharko da alderdi –teorikoki– independentistak bide honetara bultzatzeko –batez ere EAJ–, baina galdeketa hau bultzada garrantzitsua da bide horretan. Are gehiago izango da 2017an eta 2018an emaitza antzekoak edo hobeagoak lortzen badira.

Independentismoa elikatzeko hiru klabe gutxienez badira aurrera begira: independentzia bere horretan argi eta ozen aldarrikatuko duen mugimendua indartzea; gizartean gizentzen jarraitzea –besteak beste alderdi eta instituzioak akuilatzeko–; eta independentziaren ideia euskal gizartearen eguneroko arazoekin lotzea eta hauekiko alternatiba egiazkotzat ikusaraztea. Sasoi bateko “independendentzia ala hil” latz hartatik “bizi independentzia egunero” moduko batera iraganez, adibidez; indarra “bizi” horretan jarriz gainera.