argia.eus
INPRIMATU
Indarrean da txertatze ziurtagiria Ipar Euskal Herrian
  • Astelehenetik, txertatzea da hainbat leku eta zerbitzu publiko erabiltzeko eskubidea izateko modu bakarra.

ARGIA @argia 2022ko urtarrilaren 24a

Ziurtagiri berria ezinbestekoa izango da, besteak beste, museo, zinema eta antzerkietan sartzeko; taberna, zentro komertzial, jatetxe edo kirol aretoetarako; distantzia luzeko garraio publikoa hartzeko. Gune horietako langileek ere txertatu beharra izango dute lanpostuan jarraitzeko. Herritarrei ziurtagiriaz gain nortasun agiria ere eskatu ahal izango diete espazio horietan, ziurtagiriaren inguruko “zalantzak” izatekotan.

Txertoaren lehenbiziko dosiak hartu dituzten herritarrek otsailaren 15era arteko epea dute hirugarrena jasotzeko ziurtagiria galdu nahi ez badute. Bitartean, PCR edo antigeno proba negatiboa ere aurkeztu beharko dute. Bestetik, orain arte txeratu ez direnak ziurtagiria jaso ahal izango dute behin lehen dosia jaso eta gehienez ere hilabeteko epean bigarren dosirako zita hartzen dutenean. COVID-19an positibo ematen duten herritarrek txertatze ziurtagiria eskuratu ahal dute, sei hilabeteko iraupena izango duena.

Salbuespenak

Oro har txertatze ziurtagiriak COVID ziurtagiria ordezkatuko duen arren, bada salbuespenik. Osasun zerbitzuetara sartzeko nahikoa izan da COVID ziurtagiria, eta 12 eta 15 urte tarteko gazteentzat berdin. Distantzia luzeko garraioa hartzeko COVID ziurtagiria balekoa izango da familia edo osasun “larrialdi” bat frogatuz gero. Osasun ziurtagiria lortzeko PCR edo antigeno proba negatiboa aurkeztu beharra dago.