argia.eus
INPRIMATU
Indarkeriaren erotizazioa

Leire Zapiain EgaƱa El Salto-Hordago @HORDAGO_ElSalto 2020ko abenduaren 23a

Pornografia industria kriminal bat da, sakonki misoginoa, arrazista eta pedofiloa, emakume eta nesken aurkako indarkeriak elikatua. Ikaragarri boteretsua da: kalkulu batzuen arabera, negozioak 87,5 mila milioi euro mugitzen ditu. Baina ez da harritzekoa, webgune pornografikoek Netflixek, Amazonek eta Twitterrek batera baino bisita gehiago baitituzte hilero. Har dezagun adibide gisa munduko pornografia-webgunerik ezagunena den Pornhub.

Pornhub emakumeen aurkako sexu-indarkeria errealaz josita dago. Erreala diot ez delako fikzioa. Pelikuletako hilketetan, aktoreek bizirik diraute; pornoan berriz, benetakoak izaten dira irainak, umiliazioak, bortxaketak, kolpeak… Kordea galdurik ageri direnean, benetan egoten dira inkontziente. Egiazkoak izaten dira emakumeen ihes egiteko ahaleginak eta oinazezko garrasi eta negarrak. Pertsonaia nagusiak ez dira emakume erabat ahaldundu eta askeak izaten. Film horietako batzuen deskribapenek ez dute aditzera ematen, behintzat, neska horiek bideo-protagonista izateko ametsa pozik betetzen ari direnik: “ilegorri bat basatiki elektrokutatua, torturatua eta bortxatua”, “uzkiaren erabateko zartadurak eragindako negarrak” edo “esklabo beltza, nagusi zuria”. Adibidez, ama batek Pornhuben aurkitu du desagertuta zegoen 15 urteko alaba, haren aurkako erasoak erakusten dituzten hirurogei bat bideoren bidez.

Antzeko egoeratan dauden hainbat emakume antolatu eta borroka legal latzetan ari dira, Pornhubek haiek agertzen diren bideoak zabaltzeari utz diezaion. Bideo horietako batzuk ‘mendekuzko pornoa’ fenomenoari lotuta daude, beste asko eraso gordinak dira. Badira sexu-esklaboen aurkako torturak erakusten dituztenak ere. Badakizue: gizonak aberastuko dituen merkatu bat dagoenean, sistema arduratuko da eskaera asetzeko emakumeak behar adina pobretzeaz. Bestela, baimenik gabe eta indarkeriaz lortuko dute, batez ere negozioak sexuen arteko hierarkiari bultzada bat emango badio. Pornografia kapitalismoaren eta patriarkatuaren arteko koaliziorik argienetakoa da.

Horrelako edukien trafikoak geldiezina dirudi. 2019an bakarrik, 6,83 milioi bideo berri igo zituzten Pornhubera, inoizkorik gehien, eta batez beste, 115 milioi bisita izan zituen egunero. Gainera, koronabirusak eragindako lehen konfinamenduan edukien trafikoa % 38,2 areagotu zen Frantzian, eta % 61,3 Espainian. Joerarik deigarriena pornoak adin txikikoekin duen lotura geroz eta estuagoa da, bai produktu bezala bai kontsumitzaile gisa. Azkeneko zazpi urteetan, ‘nerabe’ hitza bilatuenetako bat izan da Pornhuben, eta une honetan umeen pornoa da azkarren hazten ari den online negozioa. Times aldizkariak ikertzen hasi eta minutu gutxira, umeen dozenaka bideo aurkitu zituen webgunean; eta ondorioz, Paypal-ek Pornhubekin lan egiteari utzi zion. Bien bitartean, gora egin dute umeen aurkako abusu eta sexu-erasoek, baita umeen salerosketak ere, eskaerak eskaintza exijitzen baitu. Hori guztia kontuan hartuta, Pornhub ixteko eskaera bat antolatu dute sarean, pertsonen salerosketaren aurka lan egiten duten 300 erakundek babestua.

"Pornografia indarkeria matxista eta pedofiloarekin aberasten da, eta biolentzia sexutzat onartzen irakasten die nerabeei. Bitartean, feminismo neoliberalak sutsuki defenditzen du, kapitalismoaren eta patriarkatuaren mesederako"

Bestalde, pornografiak, misoginiaren apologia eta sexu-indarkeriaren pedagogia den aldetik, emakumeenganako enpatia erauzten die kontsumitzaileei, eta ikusitako biolentzia imitatzeko eta errepikatzeko desira pizten. Geroz eta lehenago hasten dira nerabeak pornoa kontsumitzen –Euskal Herrian 12-13 urterekin–, hala, biolentzia sexu-praktikatzat onartuz eraikitzen dute beren sexualitatea hasieratik. Orain dela pare bat urte ohartarazi ziguten zenbait neska gaztek, ezen sexu-harremanak izatean “kakazahar bat bezala” sentiarazten zituztela; izan ere, mutilek pornoan ikasitako zenbait sexu-jarduera mingarri eta umiliagarri egiteko eskatzen diete, neskek egin nahi ez dituztenak. Espainian, pornoaren kontsumoa zuzenean lotu zaio gazteen ideia sexisten eta mutilen sexu-erasoen igoera izugarriari.

Argi gera dadila: emakumeen eta umeen sufrimenduarekin masturbatzen zaretenok eusten diozue tortura horri. Eta aliatu erabakigarri bat duzue, gainera. Feminista neoliberalentzat, pornorafiaren hedatzeak frogatzen du sexua tabu izatetik askatu dela, eta zentsura erlijiosoaren aurkako arma ukiezintzat dute. Horrela, iskin egiten diote indarkeriaren erotizazioa eta maskulinitate toxikoen eraikuntza errotik geldiarazteko erantzukizun feministari. Foucaulten artalde postmodernoak arazoa muturreraino erlatibizatzen du, kontakizun politiko-sexual misoginoaren kritika lausotuz, pornoaren kontsumoa zuritu eta interes kapitalistak babesteko. Ondo ikasi duzue feminismoaren izenean egiten direla nesken eta emakumeen giza eskubideen aurkako bonbardaketa eragingarrienak.